Lakaina

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko ekainaren 18a

Ataletan bana daitekeen fruta, hari, soka edo fruituaren ataletako bakoitza. Baita ere pilota egiteko barnean jartzen den osagaia.

lakaina. 1) iz. Ile, hari, soka… eta kidekoen izpi osagaia. Zenbait zuhaitz-azaletik (hurritza, gaztaina…) ateratako azal-izpiak ere bai.

lakaina. 2) iz. Atalka bana daitekeen fruitu batean (laranja, baratxuria…) ataletako bakoitza.

lakaina. 3) iz. Pilota baten barneko osagaia, larruzko pilotaren muina, kiskia.

Osagai edo ataletan bana daitezkeen edozein gauzaren ataletako bakoitzari deitzen zaio lakaina. Horrela, kable edo soka osatzen duen atalak kable- edo soka-lakainak dira. Gauza bertsua gertatzen da fruituekin ere: laranja-fruta edo baratxuri-buru baten zatietako bakoitza laranja- edo baratxuri-lakaina da. Zarautzen lakaina deitzen zitzaion, garai batean, etxean egindako pilotari barnean jartzen zitzaion kiski edo muinari (ez dakit garai batean hari-hondakin edo hari-lakainekin egiten zutelako). Gure garaietan, aski preziatuak ziren golfeko pilota zaharrak (hautsiak hobe) pilotaren lakainak egiteko. Aurrena gaineko oskola kendu behar zitzaion (lan zaila, eta horregatik ziren estimatuagoak urratuak zeudenak, oskola errazago kentzen zitzaielako), gero, gaineko hari-lakainak kentzen joan neurrira egoki arte, eta haren gainean artilez edo hariz osatzen joan pilota. Latex edo kautxuzko hari edo izpiz eginak egoten ziren golfeko bola horiek, eta gai ezin hobea zen etxean egindako pilotak osatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide