Diotenez, edozein lekutan aurki daiteke galiziar bat (migranteak izan dira, sarri, ez baitzitzaien erraza beren lurrean bizimodua ateratzea). Norbaitek esana du estatu batuarrak-edo ilargira joan eta han kokatzen direnerako galiziarren bat izango dela aurrea hartu diena.
Euskaldunok ere badugu ospea mundu guztian barreiatuak ibiliak garela, eta kanpora joaten garenean euskararen doinua, kera edo antza duen jendearen bila ibiltzen gara. Paperetan ere agertzen dira euskaldunen arrastoak, eta, batzuetan, baita kasu harrigarriak ere. Horietako batekin egin dut topo oraintsu: Julio Larrakoetxea (berak Julio de Larracoechea sinatzen zuen). Ez da oso ezaguna, nahiz eta mundualdi korapilatsua bizi eta kargu handiko diplomatikoa izan Ekialde Urrunean.
Badakigu Zuzenbidea eta Merkataritza Irakaskuntza ikasi zituela, eta, 1930. urtean Angeles Jausororekin ezkondu ondoren, 1932.ean Shanghaira joan zela kontsulorde lanetan aritzeko. Espainiako kontsula Eduardo Vázquez Ferrer zen, eta 1936ean Errepublikaren aurkako militarren altxamenduaren berri izan zuenean, dimititu egin zuen ("mugimenduaren" alde baitzegoen). Larrakoetxeak Errepublika onartu eta kontsulatuko lanetan jarraitu zuen denbora batez; gero, utzi egin zuen berak ere.
Larrakoetxearen akatsa –bera monarkikoa zen, itxuraz, ez oso Errepublikaren aldekoa– bikoitza izan zen Espainiako gobernu frankistaren aurrean: azkena izan zen dimititzen eta Errepublikaren alde agertu zen une batean, eta kontsulatuko boterea hartu Errepublikaren izenean.
Ez dakigu nola moldatu zen hurrengo hamar urteetan, berriz ere 1948an Txinarako lanpostua eman zioten arte; gero, Tokiora bidali zuten 1950ean eta Taiwanera 1952an, non jarraitu baitzuen salerosketako arduradun, kontsul eta enbaxadore, 1971n erretiroa hartu eta Negurira bizitzera itzuli zen arte. Aipatutako hamar urte horietan, ia seguru, Espainian (Bilbo inguruan, agian?) bizi izan zen, erregimenaren aurrean merezimenduak irabazten, beharbada, 1938an epai betearazlez kendu zioten "bere" urrutiko postua berreskuratzeko.
Kontua da El Correo Español - El Pueblo Vasco. Diario de Falange Española y de las J. O. N. S. egunkarian hainbat artikulu idatzi zituela, hori bai, bere izenaren ordez hainbat pseudonimo erabiliz: Alberto González, Javier Madariaga.... Artikulu horietan ba omen dira hiru puntu azpimarragarri: Txinako jendearekiko atxikimendua –Chiang Kai-shek agintariaren aurkako mesfidantzarekin–, Japoniak sortzen zion mirespena eta bizitakoaren testigantza sutsua.
1941-1943 bitartean bi nobela ere idatzi zituen: Ramunchu en Shangai eta Tierra de opio. José Eugenio Borao historialariak –Larrakoetxea eta haren obra gehien aztertu duena– iradokitzen du hirugarren nobela bat ere idatzi zuela, Cómo me escapé de Siberia y conocí a Chiang Kai-Shek, erabat komunismoaren aurkakoa eta pseudonimoz izenpetua: Conde Karol de Czola-Ölai (atzekoa aurrera jarrita Ölai-Czola edo Olaizola, gure ahaideren bat, agian?).
Ez da ezagutzen nola lortu zuen Larrakoetxeak errehabilitazioa eta karguan berriz izendatzea, barkamena edo dena delakoa askoz beranduago lortu baitzuen, artikuluak eta nobelak idatzi eta urte batzuetara. Beharbada eguneroko babarrunak lortzeko aritu zen lan horietan, urte gogorrak baitziren haiek, añonegroak.
Niretzat, ordea, harrigarriena da lehenengo nobelako Ramunchu Shanghaiko Auditorium kiroldegiko pilotaria dela. "Hori da irudimena!", izan zen bururatu zitzaidana: pilotariak Txinan! Eta gainera, Kairotik joandakoak! Gero, isildu egin behar izan nuen. Euskarak munduan gehien zabaldu duen hitza Jai Alai izango da, zalantzarik gabe, eta zesta puntako apustu kirola gure nortasunaren klixe apainduena, eta pilotariak gure enbaxadore nagusiak. Eta bai, Shanghai hiriak izan zuen zesta puntako frontoia. Bankari frantziar batek bultzatu eta armeniar boxeolari batek eta Teodoro Jauregi eta Marga Andurainek zuzentzen zuten kiroldegia; eta han boxeoko eta jai alai lehiaketako kinielak ziren apusturako gai. Pilotariak Egiptoko pilotalekuetatik zetozen. Munduan beste asko bezala, hura Jai Alai bat zen, bakarrik, han Hai Alai deitzen ziotela.