atari. 1) iz. Atearen ingurua.
atari. 2) iz. Etxe eta beste hainbat eraikinen (baserri, eliza, lantegi…) aurrean, sarbide inguruan-edo, egoten den espazio irekia; gehienetan estalia izan ohi da.
atari. 3) iz. Sarrera edo hasiera, batez ere gauza abstraktuez, eta bereziki izkribuzko lanez mintzatuz.
Atariaren kanpoko aldeari atari-aurre, ataurre, atalaurre… deitzen zaio, eta etxe edo baserri aurrean lotuta dagoen txakurrari atari-txakur. Bestalde, atariaren inguruan dagoena atari alde edo atari jira da. Horiek espazio edo leku bati buruz ari garela; idatzi edo gauza abstraktuez ari garela, atarikoa da sarrera edo hitzaurrea, batik bat sarrera argigarria denean. Zenbait azterketa, lehiaketa, txapelketa eta kidekoetan, aurretik egiten den hasierako probari atariko proba deitzen zaio. Garrantzirik gabeko gauzari, baliorik gabeko gauzei edo pertsonei atariko haizea esaten zaie, esamolde hauetan ikus daitekeen moduan; horrela: 1) atariko haizeak baino gehiago ez (du) balio 2) atariko haizeari baino jaramon gehiago ez egin (horri) 3) atariko haizeari baino kasu gehiagorik ez egin. Kanpoan lo egin atari zabalean lo egin esan ohi da, eta jendartera atera, plazaratu, atari zabalera atera. Norbait lotsagabea denean oso, atariko atea baino lotsagabeagoa da, eta oso gertu dagoena, bertan, etxetik oso gertu atariko atean dago. Etxera sartu eta berehalako zerbait atariko atetik sartu orduko kontua da, eta pobrea izan eta zer jatekorik ez duenak atarira atera eta eguzkia gosaltzen du. Norbait setati ari denean, bereari eutsi eta bereari eutsi, zakurra bere atarian baino areago ari da, eta lotsagabeki diharduena, zakurra bere atarian baino lotsagabeago ari da. Ataria aipatzen duten esaera zahar batzuk dira honako hauek: 1) Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean. 2) Ataritik bota eta leihotik sartu. 3) Gezur bat esan nuen Getarian, ni baino lehenago zen atarian. 4) Zakurrak ere atarian indarrik handien.