Puntuka

Buztina

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko martxoaren 19a

Esku batzuk batzuk buztina lantzen tailer batean. (Utzitakoa)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Garunaren plastikotasuna aipatzen da maiz, eta ez da, ez, gaurko jendeari garuna plastikozkoa bihurtzen ari zaiolako… Hori ere bai. Hori ere aipatzen da. Gero eta maizago aurkitzen direla mikroplastikoak gure gorputzean (eta garunean) bertakoturik. Garunaren plastikotasuna, ordea, beste zerbait da: moldakorra izateaz ari gara. Nolabait esateko, gure garuna buztin bigunezkoa bezala dela, eta gure bizieraren arabera egoera berrietara moldatzeko sekulako erraztasuna duela.

Garuneko neuronen plastizitatea da neurona horiek barneko eta kanpoko estimuluei erantzunez beren egitura, funtzioak edo konexio sinoptikoak aldatzeko eta berrantolatzeko duen gaitasuna. Hau da, burmuinean daukagun buztin bigun horren eitea aldatzen joaten zaigula barnetik eta kanpotik iristen zaizkigun estimuluen arabera.

Gogoan duzue Irakeko gerra? Zentzugabekeria Azore uharteetako Gailurrean hasi zen, gezur bat baliatu (Irakek suntsipen handiko armak zituela) eta Irakeko hiritarrak "askatzeko" aitzakiarekin lau handi-mandik (George Bush, Tony Blair, Jose Maria Aznar eta Jose Manuel Durao Barroso) hartu zuten gerra-erabakia. Oraintsu hogeita hiru urte hasi zen inbasioa (martxoaren 20an) eta zazpi urtez luzatu gerra. Orain, aitzakiak aurkitzen gehiegi saiatu gabe beste bi majaderok (Trumpk eta Netanyahu) hasi digute beste bat, Irango hiritarrak askatzeko, jakina…

Gauza batzuk aldatu dira gure pertzepzioan: Irakeko gerra hasi berritan zabaldu zen izua izan zen: gaiak, jakiak eta gainontzekoak, eskasean izango ditugu! (gogoratu jendearen kezka ipurdiak garbi edukitzeko eta komuneko papera pilatu beharraren sindromea); gaurko honetan, ordea, kezka erregaien prezioan du bere ardatza. Bi eurotara igo dela gasolio litroa, berrehun eurora igoko dela petrolio-upela… Bata edo bestea izan, jakiak ala erregaiak, gure erantzuna berdintsua da (izua), baina Irakekoa eta pandemiakoa pasatu eta gero, beste itxura bat hartzen du gaur egun. Oraingoan onartu dugu, nolabait, gauza ez dela hain larria, ero batzuk besterik ez direla liskarrean dabiltzanak, eta zentzua, politikoen sen ona, handikeria horien gainetik ezarriko dela.

Beldur naiz, ordea, gure garunaren plastikotasunak gehiegi moldatzera garamatzala. Ahaztu egin zaigu kontuan hartzea Bigarren Mundu Gerraren aurretik Hitlerrek Alemania Handia nahi zuela (Trumpek Make Amerika Great Again dio) eta Alemaniako ariarrentzat lebensraum delakoa (bizi-eremua; Netanyahuk ere bizi-eremu lasaia nahi du sionistentzat). Horrelako ikuspegi inperialistak dituzten jendeak ez dira apaltzen eskatzen dituzten apurrak emanez: beti nahiko dute gehiago, beti izango dira botere-goseago. Gainera, nabarmena da beste behin Tora, Biblia eta Korana liburuaren hiru erlijioak direla sua pizten ari direnak…

Hau da, tentu handiz begiratu egoerari, eta gogor egin gure buztina ez dezaten kanpoko eta barruko estimuluek oker moldatu, komeni zaiguna pentsatzera baitaramatza gutxi pentsatzeak. Hona hemen etsenplu bat argibide. Badakit asmatutakoa dela, baina duela gutxi paperetan irakurri dut eta kontatu nahi nuke.

Esaten da Pio Baroja gautxori gehiago zela goizeko hegazti baino, eta berandu samar arte lo egin ondoren, goizean berandu joan ohi zela mendian paseotxoa egitera, bazkaldu aurretik. Behin, txango batean, nekazari batekin egin zuen topo on Piok.

–Zer, lanean? –galdetu omen zion idazleak aitzurrean izerditan ari zenari.

Nekazariak marmarrean jardun zion idazleari, sekula lanik egiten ez zuen izkribiante jendeak hamar arroakoa luma izan beharko zuketela opaz.

–Zer uste duzu, nik ez dudala lanik egiten? –haserretu zen on Pio–. Bart ere goizeko ordu txikietaraino aritu naiz idatzi eta idatzi.

–Barka beza berorrek, on Pio, baina hori ez da lan egitea. Aitzurra har beza eta jakingo du zer den lana.

Handik egun gutxira, ari zen on Pio etxe ondoko baratzean aitzurrean lehengo nekazari hori pasatu zenean herrirantz.

–Zer, on Pio, denbora pasa ari al da berori?

Bada, hori. Gure buztin moldakorrak jartzen diola gauzei neurria bere nahierara. Nahi duguna sinesteko bidean jartzen gaituela. Beraz, pentsatu ondo gauzak, komeni zaiguna bakarrik ez pentsatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide