dote. 1) iz. Ezkonsaria.
dote. 2) iz. Moja sartzera doanak komentura eramaten dituen ondasunak edo dirua.
Dote deitzen zaio ezkonsariari, ezkontzen denak ezkontzara daramatzan ondasunei. Garai batean bereizi egiten ziren, nolabait, arreoa eta dotea. Dotearen barnean zeuden denak, ondasunak, diruak, lurrak eta abar, eta arreoari dagokionez bereziki azpimarratzen ziren etxera eramaten ziren hornidurak, etxea “janzteko” beharko ziren tresna eta apaingarriak. Zenbaitetan izan zitezkeen gauza bera (beste ondasunik ez zegoelako) baina arreoa emakumeari zegokion, nolabait, eramatea, hark prestatzen zuen ezkontzako egunerako emaztearen familiak lagunduta. Norbaitek gauzak beharrezko patxada eta arretarekin egin ordez presaka eta trakets egiten dituenean, esaten zaio: andregaia egin baino lehen dote eske hasi haiz? Norbait mozkorra dela adierazteko, edota diruak edanean xahutzen ari dela, esaten da: (horrek) andrearen dotea ere edango du. Badira dotea aipatzen duten hainbat esaera zahar: 1) Bere nobioaren dote-arreoa, burruntzalitxo zahar bat hiru zulokoa. 2) Jalea eta jangura, ezkontzeko geratu ziren doterik ez eta. 3) Katilu bete salda koipeagaz, andre ederra doteagaz. 4) Ontza bi tabako-orri, lau marabedi pipea (pipa), horretan doa mutilen dotea. 5) Osasuna eta bakea, lapiko ondo betea, andre galanta eta dotea da askoren amestea. 6) Suhia nagusi etxean, alabaren dotea airean. 7) Zahagia osorik, aitaginarreba hordirik (doterik ekarri gabeko etxekoandre gazteak aita etxera ekartzen duenean esaten omen).