maiz-orri. iz. Artoaren orria, batik bat lorea eta gailurra kendu ondoren geratzen diren hostoak.
Maiz ez da askotan erabiltzen den hitza artoa izendatzeko (Zea mays), baina badira zenbait esamolde, maiz nonbratzen dutela landare hori, maiz-orri moduan batik bat. Artoari lorea kendu ohi zitzaion artaburuetako aleak ernalduak zeudenean, hau da, arta-bizarrak belzten zirenean, ganaduaren jaki gisa erabiltzeko edota haizeak lurrera bota ez zitzan arto-landareak. Artalore edo galdots deitzen zitzaion artoaren goi aldeko atal horri. Goiko lorea kendu ondoren beste atal bat geratzen zen (gailurra) eta handik beherago zeuden orri zabalak. Hosto zabal horiei deitzen zitzaien maiz-orri. Artoari orriak kentzeari (artaburuak azkarrago hel zitezen), eta jasotako hosto horiek ganaduaren jaki erabiltzeko biltzeari, deitzen zaio maiz-orria egitea.