Baldar

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko urtarrilaren 26a

Traketsa, behar adinako zalutasuna ez duena; zerbait egiterakoan moldakaitza dena (batez ere higitzerakoan); era traketsean edo astunki mugitzen dena.

 

baldar. 1) adj. Traketsa, behar adinako zalutasuna ez duena.

baldar. 2) adj. Zerbait egiterakoan moldakaitza dena, batez ere higitzekoan.

baldar. 3) adj. Era traketsean edo astunki mugitzen dena.

Norbaiti bere baldarkeria aurpegiratu nahi zaionean, esan ohi zaio: astoa gitarra jotzen baino baldarragoa haiz!. Hitz egiterakoan ere izan daiteke baldarra, eta halako norbaitengatik esan ohi da: astoaren arrantza baino baldarrago hitz egiten du.

Norbait erabat baldarra dela adierazteko, esan ohi da:

1) baldarra baino baldarragoa haiz!

2) gurdi iraulia baino baldarragoa haiz!

Baldar ibili, emakumeei buruz ari garela, bereziki, manda-behorra bezala ibili esan ohi da (esaera iraingarria da eta irain kutsuarekin markatua dago).

Trebea ez izan, “baldar antzekoa izan” adierazteko, esan ohi da.

1) Horrek abilidadea aparte zerabilek edo horrek abilidadea aparte zeukak.

2) Horrek, badakik, abilidadea auzoan zeukak.

Baldartasuna adierazteko hainbat konparaketa erabiltzen dira:

1) Aulki herrena baino baldarrago izan.

2) Hegoan jotako txoria baino baldarragoa izan.

3) Gaizki perratutako (ferratutako) mandoa baino baldarragoa izan.

4) Gurdi iraulia baino baldarragoa izan.

5) Kupeltzarra baino baldarragoa.

6) Astoa gitarra jotzen baino baldarragoa izan.

7) Baldarra baino baldarragoa izan.

Bada esaera zahar bat baldar hitza aipatzen duena: 1) Gose bada, ez bada, astoak arrantza baldarra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide