Arrasto

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko urtarrilaren 26a

Aztarna, norbaitek edo zerbaitek egon den lekuan utzitako seinalea; kolpe edo urradura batez egiten den marra; sinadura, firma.

arrasto. 1) iz. Aztarna, norbaitek edo zerbaitek egon den lekuan utzitako seinalea (zentzu zuzenean ala irudizkoan: zerbaiten tankera edo itxura, norbaiten jokamoldea etab).

arrasto. 2) iz. Kolpe bakar batez egiten den marra, linea.

arrasto. 3) iz. Hedaduraz, paperean egindako marra, idatzitakoa; batez ere, sinadura, firma.

Lehenengo adierari dagokionez, esaterako, hanka-arrasto deitzen zaio oinak utzitakoari, ibiltzean uzten den aztarnari, eta honako esamoldeak erabiltzen dira arrastorekin:

1) arrasto txikienik ere ez eman, hau da, inolako seinalerik ez sumatu, antzik edo itxurarik ez hartu.

2) arrasto txikienik ere ez eman zerbaiti, inolako seinalerik ez sumatu, itxurarik ez hartu zerbaiti.

3) arrastoa hartu (zerbaiti edo norbaiti), hau da, tankera eman zerbaiti, edota norbait zertan ari den sumatu, igarri; baita ere norbait zertaz ari den aditu, ulertu.

4) arrastoan joan, agindutakoa bete, esandakoa egin; orain arrastoan doa edo orain arrastoan dabil: esandakoa egiten ari da; egin beharrekoa egiten ari da.

5) arrastoan sartu, hau da, formaldu, norberaren izaera normaldu, zentzudun bihurtu. Baita ere, zuzendu, bide zuzenean sartu edo sarrarazi.

6) arrastoari segi, inoren etsenplua segi; baita ere beste norbaitek utzitako arrasto edo bideari jarraitu.

7) arrastorik ez eduki, arrastorik ez izan, hau da, ez jakin, ezer ez jakin (hori esan nahi du).

8) arrastorik gabe gelditu, ezer ez jakin; seinalerik gabe geratu.

9) arrastora ez iritsi, beste norbait baino gutxiago izan.

10) arrastotik ibili, esandakoa eginez ari, formal, zintzo;  inoren etsenplua segi;.

11) ezeren arrastorik ez eman, inolako seinalerik ez sumatu, inolako antz edo itxurarik ez hartu; nik ez diot horri ezeren arrastorik ematen, hau da, nik ez diot horri ezeren antzik hartzen.

12) ezeren arrastorik ez eduki, ezeren arrastorik ez izan, ez jakin, ezer ez jakin.

13) ezeren arrastorik gabe gelditu, ezer ez jakin; seinalerik gabe geratu.

14) inoren arrastoari segi, inoren arrastotik ibili, inoren etsenplua segi.

15) inoren arrastora ez iritsi, beste norbait baino gutxiago izan.

16) urak arrastora sartu, egoera normaldu, lehen ohizko egoeratik kanpo zegoena bere onera etorri.

Bigarren adierari dagokionez (kolpe bakar batez egiten den marra, edo era azkarrean egiten dena) honako esamoldeak erabiltzen dira:

1) arrastoa bota, hau da, marra bota, zerbaitetarako bidea adierazi, eredua izan daitekeen zerbait adierazi.

2) arrastoa egin, marra bota (ereiteko, marrazkia egiteko, zuzen idazteko…); zerbaiterako lagungarria izan daitekeen marra edo seinalea egin edo margotu.

Hirugarren adierari dagokionez (marra, sinadura) honako esamoldeak erabiltzen dira:

1) arrastoa bota, hau da, firma bota,sinatu, batik bat eskolatu gabeko norbaitek nolabait sinatu duela adierazteko (arrunkeria da, eskolatu gabearengatik-eta esana).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide