Tuntux

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2025eko irailaren 2a

Tretza zintzilik duen buia. Haren eitea duen pertsona edo gauza.

tuntux. 1) iz. Buia, arrantzarako aparejua edo tretza zintzilik duen ur gaineko buia, kulubiza edo antzekoa. 2) Bisigua eta beste zenbait arrainen arrantzarako erabiltzen zen apareju bateko buiaren antzeko bakoitza. 3) adj. Tripandia eta mozkotea dena. 4) adj. Haurdun dagoen emakumea. 4) iz. Potixa, ura fresko gordetzeko ontzia, botijoa.

Bisiguaren arrantzarako-eta erabiltzen den tresna bati deitzen zaio tuntux, eta, oinarrian, arrantzarako aparejua edo tretza zintzilik zuen ur gaineko buia, kulubiza edo antzekoa da. Tuntuxaren beheko barren aldea kono baten eitekoa izan ohi da eta goiko aldea biribil tripandia, Tuntuxaren konoaren erpinetik zintzilik egoten da tretza edo arrantzarako aparejua. Tuntuxaren formagatik halako itxura duen pertsona tripandia eta mozkoteari deitzen zaio tuntux, eta baita haurdun dagoen emakumeari edo buru soil ilerik gabekoa daramanari ere. Deitura iraingarria da, neurri batean. Horrez gain gure inguruan tuntuxa deitzen zitzaioan potixa edo botijoari, Norbaitek ganora edo ardura gutxi duela adierazteko esan ohi da: horrek puntarik gabeko tuntuxa batek baino ganora gutxiago du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide