Bertzun, pertzun

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2025eko abuztuaren 21a

Antigoaleko hainbat tresnaren izena: pertzari eusteko balio zuena, labeko edo sukaldeko errautsa jasotzeko pala antzekoa edo bidean zein beste zenbait lekutan hartxintxarra zabaltzeko erabiltzen dan tresna.

bertzun / pertzun. 1) iz. Antigoaleko su baxuetan pertzari eusten zion burdinazko (edo harrizko) pieza. 2) iz. Antigoaleko labe edo sutondoetan errautsa jasotzeko erabiltzen zen tresna. 3) iz. Nekazaritzan eta bidegintzan erabiltzen den / zen lanabesa; aitzur handi baten antzekoa da, ilargi-erdiaren eitekoa eta hartxintxarra edo antzeko gaiak zabaltzekoa; igeltseroek ere erabiltzen zuten masa egiteko.

Bertzun / pertzun deitzen zitzaion pertzei eusteko erabiltzen ziren burdinazko piezei; zenbaitetan harrizkoak ere izan zitezkeen, eta beren helburua izan ohi zen pertzari sendo eustea irauli ez zedin eta barneko jakia isuri. Izen berarekin (bertzun / pertzun) ezagutzen zen labe eta sutondoetan erabiltzen zen tresna, itxura eta eite desberdinekoa: burdinazko kirten luzeko aitzurtxo baten antzekoa, pala itxurakoa… Azkenik, bazen beste lanabes bat ere bertzun / pertzun izenekoa; nekazaritzan, bidegintzan eta igeltserotzan erabiltzen zena / dena hainbat gai (hartxintxarra, harea, morteroa, zementua, masa…) zabaltzeko. Ilargi-erdi baten eiteko aitzur handi eta zabal baten antzekoa da. Gure inguruan, nik uste, gehiago erabiltzen da pertzun bertzun baino, eta palar ere deitzen zaio, beste tresna batekin nahasteko arriskuarekin.

Badira hainbat esaera zahar bertzuna aipatzen dutenak: EZ.: 1) Diru gabeko handitasuna, surik gabeko bertzuna (pertzuna, pertz-oina). 2) Dirurik gabeko handitasuna, su gaberik bertzuna (pertzuna, pertz-oina). 3) Errementariaren etxean zotza bertzuna (pertzuna). 4) Etxeko hautsekin estaltzen da sua: inork ez daki zenbat bertzun-hauts eman zaion.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide