Hitzen antzinako esanahiak aztertzen ditugunean, definizio sinpleak aurkitzen ditugu. Esate baterako, zuntz hitzak adierazten du halako hari mehar bat, jatorria landareetan ala animalietan duena. Halako izpi bat, alegia.
Gure arbasoak aspaldi konturatu ziren horrelako hiruzpalau zuntz hartu eta elkarren artean bihurrituz sortu zitekeela zuntza bera baino sendoagoa den haria, eta ikasi zuten hori egiten, artisau onak oso ondo egiten, gainera. Neolito garaietatik duela oso gutxira arte munduko bazter askotan hori izan da gure jantzien oinarria. Sekulako asmazioa izan zen haria sortzea, irutea, eta ia beti emakumeen eskuetan (inoiz ez hobeto esana) egon zen teknika horren sekretua. Hiru bat zuntz ondo bihurrituak nahikoa dira sortzeko haria, eta haritik ehuna, eta ehunetik oihala, eta oihaletik jantzia. Eta hariaz gain, zuntzetik baita ere, listaria, soka eta... kableak.
Denborarekin, ordea, zuntzak beste zerbait bilakatu zaizkigu. Gaur egun, maiz, zuntz entzuten dugunean, irudimenak dakarkiguna ez da landare edo animalia baten hazi-izpia, zuntz optikoa baizik.
Zuntz optikoak ez du jatorria landare edo animalia batean; zuntz optikoa zuntz malgu bat da plastikoz edo beiraz egindakoa eta argia mutur batetik beste muturreraino eramateko gai dena. Telekomunikazioetan erabiltzen da, metalezko kableak baino abiadura handiagoz transmititzen duelako informazioa, distantzia handiagoko transmisioa eskaintzen duelako eta eremu magnetikoek eragiten ez diotelako.
Tira, kontua da telekomunikazioko enpresei gaur egun komeni zaiela zuntz optikoak erabiltzea lehengo metalezkoen ordez (zaharkituak omen daude), banda zabalagokoa eta abiadura handiagoa bermatzen dutelako. Zuntzek babestuta joan behar dute, eta gure begi-bistarako lehengo kobrezko kableen antzeko beste kable batzuk dira (sofistikatuagoak, seguru asko, baina kableak).
«Zuntz berriarekin sekulako hobekuntzak izango dituzu», esaten digute. «Debalde ekarriko dizugu etxeraino», esaten digute.
Debalde, doan, musu-truk, dohainik... hitz magikoak dira. Entzun orduko itsutu egiten zaigu adimena, eta gure barneko ahots txiki bat hasten zaigu esaten: «Nahi dut, nahi dut...», baita ere kaka zaharra bada eskaintzen diguten hori.
Beraz, zuntz optiko berria jartzeko eskatzen duzu, konturatu gabe zuntz hori gure etxearen (eta auzokoaren) aurrean joan behar duen kablea dela. Zuntza ez baita izpia dagoeneko, kablea baizik. Eta hura jartzera etortzen den langileak dio: «Auzokoari baimena eskatu beharko diozu kablea haren etxearen urretik pasatzeko». «Nik?». «Zer gertatzen da, zure auzokoarekin ez zara ondo konpontzen?». «Ni ondo konpontzen naiz, eta zuek? Baimena zuek eskatu beharko duzue, ezta?...».
Zertan jarraitu. Kontua da enpresak ez duela hartu nahi erantzukizunik. Lehengo kablea bertan utzi eta berria nola edo hala ipini, zenbait etxe-aurretan sekulako kable-motroiloak osatuz. Eta jendea haserrarazi, arrazoi osoarekin.
Herriko Alde Zaharrean bizi garenok, gune historikoan bizi omen garenez, zaindu behar dugu gure etxeen irudia: gai nobleak erabili, harria eta burdina edo, ez jarri material modernorik, zaindu balkoiak eta atea... etxeak itxuroso mantendu eta abar. Eta gero hor dator dirua irabazi besterik egiten ez duen multinazionala, eta ia nahi duena egiten du bere ditxosozko kableak ipintzean.
Ez al dago ahalmenik desmasia horiei muga jartzeko?
Nork esan behar dio etxeen aurreak kablez betetzen dituzten horiei: «Errespetu pittin bat, hau gune historikoa da!». Guri, herritar arruntei, esaten digute: «Hareharrizkoa behar du etxe-aurreak, hau ezin duzu edozein eratara ipini». Ez da oso zaila. Hauxe da esan beharrekoa: «Herri honetan kableak txukun jarri behar dira. Horiek ez daude behar bezala eta jarri ondo». Horixe besterik ez. Baina egin.