Arlote

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2025eko urtarrilaren 29a

Zarpaila, gaizki edo baldreski janzten edo antolatzen den pertsona; bizimodu traketseko pertsona.

arlote. 1) iz. eta izond. Oinarrian, bidean eta eskean bizi den pertsona. 2) iz. eta izond. Bizimodu traketseko pertsona. 3) iz. eta izond. Zarpaila, gaizki edo baldreski jantzi eta antolatzen den pertsona.

Seguru asko arlote hitzaren esanahia aldatuz joan da lehenengo adieratik hirugarrenera. Gaur egun arlote hitzarekin gehiago lotzen dugu janzkera txarreko pertsona, eta lehen, aldiz, arlote hitza gehiago zegoen lotuta erromesekin eta eskekoekin, arlote izateak baitzuen berekin alde batetik bestera bidean ibiltzearekin, zenbaitetan han edo hemen lanen bat egin eta inon gehiegi finkatu gabe garaian garaiko lanetan aritzen zen jende motari deitzen baitzitzaion arlote. Ameriketako Estatu Batuetan, eta Kaliforniako lurralde nekazarietan, batik bat, hobo deitzen zaie (zitzaien?) manera horretan bizi zen jendeari: trenetan ordaindu gabe leku batetik bestera joan, aldizka lanen bat egin, eskean aritu… Beste izaera batekoak dira (ziren?) tramp deituak, nahiz eta bizimodu bertsua eginagatik lanari sekula atxikitzen ez zirenak baitziren halakoak. Hobo blues (arlotearen bluesa) John Lee Hooker bluesmanaren abesti ezaguna da.

Badira hainbat esamolde arlote hitzarekin; horrela:

  • arlote bizi: Esketik bizi, bidean eta etxerik gabe bizi, hala moduz, bizimodu traketsean. Baita ere pobre izan, edota gaizki eta narras jantzita ibili.
  • eskekoa baino arloteagoa. Erabat arlotea.

Esaera zaharretan ere aipatzen da arlote: 1) Arloteari emaiok arrautza, eskatuko dik zotza. 2) Duguna jan dugu eta arlote gara bihurtu. 3) Emaiok arloteari egositik, galdatuko (galdetuko) dik errekitik. 4) Emaiozu arloteari egositik, eskatuko dizu erretik. 5) Emok (eman iezaiok) arloteari egositik, eska dakidik (eskatuko dik?) errekitik. 6) Txiroak arlotea higuin.

Norbait arlotea dela azpimarratzeko, esaten da: eskekoa baino arloteagoa da / hori Mielantxon baino  Mielantxonagoa da / pordioseroak baino okerragoa da / prakazahar jendea da hori / amak limikatu (miazkatu, milikatu) gabea da hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide