Badakit krisi energetiko eta klimatikoari aurre egin nahi badiogu gauzak aldatu behar ditugula; badakit gerrikoa estutu beharrean gaudela eta alferrikako gastuei ezezkoa esaten ikasi; badakit bizi-kalitate handiko handikeriak baztertzekoak direla; badakit. Baina bada pixka bat amorrarazten nauen zerbait: beti berdintsuoi egokitzen zaigu neurriak hartzea, zintzoak izatea eta kontzientziaz jokatzea.
Irakurri dut eguneroko dutxa laburragoa egiteak igerileku bat betetzeko aukera emango ligukeela; entzun dut hortzak garbitzean ur-txorrota ixteak aurreztuko lukeela ez dakit zenbat ur; esan didate arropa garbitzerakoan tenperatura baxuagoan egiteak ez dakit zenbat alferrikako energia gastatzea saihesten duela. Ondo. Primeran. Dena beharko dugu. Baina zenbat hortz-garbiketa, komuneko-bonba eta dutxa behar dira golfeko zelaiak ureztatzeko? Eta zenbat Euskal Jai Egunaren ondorengo zakarrak, gonbitoak eta pixa-errekak garbitzeko?
Iruditzen zait arazo larriari zuzenean heldu ez, eta konponketarako nahiko umekeriak iradokitzen dizkigutela. Hori baino askoz sakonagoa da kontua. Bizitzeko modua da aldatu beharrekoa. Buruan sartu behar zaiguna da ezin dugula gero eta gehiagoko joera eroarekin jarraitu. Hazkunde ekonomiko positiboa kendu behar dugu burutik. Ez itsutu gehiago ekoiztearekin, are gutxiago gehiago kontsumitzearekin. Non joan da ur gehiago, hortzak garbitzean txorrota ez ixtean ala sakelan denok daramagun telefonoak ekoiztean? Inork esan al du telefonorik ez erosteko, bizi daitekeela sakelakorik gabe?
Txikitan kontatu ziguten pertsona bakoitzak aingeru zaindaria zuela, gure aingeru guardakoa. Aingeru horrek zaintzen gintuen arriskuak saihesteko, eta aholku onak ere ematen zizkigun bide okerretan ez galtzeko. Gaur egun jendeak ez du sinesten aingeruen kontu hori, baina oker daude. Gaur egun ere baditugu aingeru guardakoak, bere izen eta guzti. EVE izena du (Energiaren Euskal Erakundea euskaraz), esaterako, energia-efizientziaren izenean lehen aipatutako aholkuen antzekoak ematen dituenak.
Baina aingeruek, haserretzen direnean, badute beste aurpegi ilunago bat ere. Suzko ezpata ere erabili izan dute jendea paradisuetatik bidaltzeko. Gaur egun aingeru mota horiek uniformea daramate, oro har. Europatik etorritako aingeru zaindari mota berri batek esan digu gas-isurietatik libratu behar ditugula hirietako eta herri handietako alde zaharrak (turistek terrazetan aire garbiagoa izan dezaten izango ote da, edo zer?), eta prantatu dituzte aingeru haserretu andana, ezpata sugar-jaurtitzailearen ordez isunak jartzeko koadernoak eskuetan. Dena ikusten duten begi ikuskatzaileak ere ipini dizkigute, ondo zelatatzeko ke gehiegi isurtzen duen ibilgailuren batek gas-isurketa murriztuko paradisu-eremuan sartzeko ausardia izan duen.
Berriz ere, pixka bat haserretzen naute aingeru horiek, auto xaharrarekin orain Bilboko, aurki Donostiako eta ez oso urruti Zarautz bertako gune 'historikoetan' sartzea eragotzi egingo baitidate. Kontua hau da: dirua duelako auto berria erosi duena ni baino arduratsuagoa da? Ekologistagoa? Edota Real Automovil Clubak (RACVN) badu arrazoi pixka bat esaten duenean ordenantza horiek diskriminatzaileak direla? Badakit gure automobilak behi zahar baten edadea baduela (bide batez, mutil edo neska gazte batena besterik ez du, gauzak guztiak dira erlatiboak), baina hainbat urtez ondo zaindu eta oraindik bideak korritzen ibiltzeko gai egoteak energia asko aurreztu du. Berriz ere ahaztu egin zaie gure aingeru guardakoei automobil elektriko bat ekoizteak ez dakit zenbat gai, gas-emisio, energia eta izerdi eskatzen dituela, eta ekologikoa dela esaten digutenean ezkutatu egiten digutela aurrez zenbateko berezko gastua duen, martxan hasi aurretik!
Horregatik izorratzen naute pixka bat (dexentetxo) aurretikako kostu ekologikoa kontutan hartu gabe energia berri, berde eta beste hainbat kantu zerutiarrekin etortzen zaizkidan aingeru guardakoek. Amen. Akabatu da sermoia.