aztarrika. 1) adb. Lurra harrotuz, haztakatuz, induska. 2) adb. Ezkutuan dagoena harrotuz edo miatuz.
Oiloek-eta egiten dute aztarrika, hankekin lurra harrotuz, han zerbait agerian utzi eta jateko izango duten itxaropenetan. Leku batean eta bestean aritzen denari, asko saiatzen ari dela erakutsi nahiz-edo, benetan ekin beharra lukeenari zuzenean heldu gabe esaten zaio oiloa aztarrika bezala dabilela; era bertsuan, pulamentuz jan ordez han eta hemen jan-txatalak hartuz dabilenari: zer habil, oiloa aztarrika bezala!. Zerbait ezagutzeko arakatzeari, induskatzeari, afanez aritzeari… aztarrika ibili esaten zaio, lagunartean. Bestalde, ezkutuan dagoen zerbait argitu nahian aritzea aztarrika egitea da. Aldiz, modu txarrez aritzea, era desegokian, bazterrak aztarrikatzen ibiltzea.