Puntuka

Hainbat abiadura

Oharra, Zarauzko garbigune berrian.

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

<>Oilategietan oiloak gauez kotara igotzen diren moduan, abiadura hitza gau batean hiztegira esanahi batekin igo eta hurrengo egunean handik beste batekin jaitsiko ote zen zalantzan ibili zitzaigun hitza izan zen. Fisikariek behar zuten hitz bat euskaraz velozidadea adierazteko, eta abiadura hori jo zuten egokitzat, eta gaur Euskaltzaindiaren hiztegira sartuz gero, han dago definizioa lehen adieran bertan: korritzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. Aspaldi ikasi genuen moduan: distantzia zati denbora.

Kontua zen, euskaltzain bati-edo ez zitzaiola hitz hori hain egokia iruditzen. Bere ustez abiadura zerbaiten hastapena zen, abiatzea, zerbait egiten hastea. Horregatik, behin eta birritan errepikatu zuen lastertasuna deitu behar zitzaiola kontzeptu horri. Tira, bada, abiaduraz eta lastertasunez ariko naiz oraingoan.

Ez dago zer esanik distantziak ez diren beste zenbait gauza ere abiadura handian egin daitezkeela: arropa josi, eraikuntza bat altxatu, artikulu bat idatzi... Beraz, distantzia bakarrik ez da kontuan hartu beharrekoa, gauzak azkar egiteari lotuko genioke abiadura. Dena dela, distantziak azkar korritzea da datorkigun lehenengo ideia, eta hainbat abiaduratan dabiltzan trenak ere ekartzen dizkigu burura. Donostiako geltokia dela, ez-dakit-nongo tunela, trenak zaharrak daudela... jendea haserre dago Renferekin, esaten baitu ez dagoela fidatzerik, ordutegiak ez direla errespetatzen, denbora asko behar dela hurbileko trenetan ibiltzeko, ez dagoela fundamentu zipitzik. Hurbileko trenak abiadura txikiko trenak izan, itxuraz: distantzia txikiak korri eta denbora luzean: zatiketa egin eta abiadura eskasa, txikia, amorragarria.

Bestalde, hor dugu AHT deitutako hori. Akronimoak dioenez, Abiadura Handiko Trena da, baina nik dakidala hainbat urte pasatuta trenbide horretan trenak zero kilometro egin ditu, eta zero zati hainbat urte, abiadura zero da. Batere ez. Gainera, txakur ahulari kukusoa ugari, eta, lehengo zailtasunak zailtasun, orain mokoka Gipuzkoako ardatza lotu behar dela Nafarroako luzakinarekin Aralar azpitik tunela eginda, garestiago bada ere. Konturatuko ziren, bada, horko kare-haitza zuloz eta leizez betea dagoela, eta uste gabean barnean duen altxor preziatua (akuiferoak eta abar) alferrik galdu litezkeela obrekin.>

Garrantzitsua omen da Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean lotura estuak finkatzea, baina beldur naiz hori baino gehiago, beste behin, izango dela Madrilgo egunkari talde batek ereiten zuen probintzianismo ergela benetako senidetzea baino. Arrazoiketa gehiago da era honetakoa: zergatik arabarrek bai eta gipuzkoarrek ez? Alaves, Reala, Athletic eta Osasuna erabiltzen diren modu berean norberaren txokokeria pizteko, Euskal Herri oso baten ikuspegia ez dadila agertu, behintzat!

Beude hor trenen eta distantzien kontuak, abiadura azkar edo mantsoan egin baitaitezke beste hainbat gauza ere, eraikinak altxatu, esaterako.

Zarautzen Garbigune Berria jartzeko asmoa dute. Primeran. Eraiki dute. Dotore. Aurreko aldean zabaldegi bat egin dute. Handia, neska-mutikoak lasai futbolean ibiltzeko moduko zementu-gune zabala.

Eraikuntza egiteko abiadurari dagokionez, izan dira gorabehera batzuk. Aurrena abian hasi, gero geldialdi bat...

Bai Eusko Jaurlaritzak, bai Europak ezarri dituzte beren txartelak argi uzteko laguntza eskaini dutela. Laguntza kanpotik lortu bai, baina herriak (edo bailarak) diru gehiago jarri behar. Susmoa dut diru-iturriek izandako agorraldi batzuen arabera izan zitezkeela abiadura moteltze horiek; baina beste zerbaitek kezkatzen nau gehiago. Hauteskundeak iritsi aurretik (munizipalak) zalapartako abiaduran egin ziren apainketak (eta aurkezpenak / bisitak, inauguraziorik ezin baita egin), baina, gero, gure garbigune berria itxita geratu zen (eta hamahiru hilabete pasatu dira, oker ez banago).

Abiadura? Lastertasuna? Zein da egokiago kasu honetan? Igoal lasterkeria asmatu beharko dugu; honela dioena: zuek lasai, laster jarriko dugu martxan...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide