Amaitzear den hilabete honen erdialdera jaso nuen albistea. Sareetatik, jakina. Gutxi gorabehera, honakoa da istorioa: Nafarroako etorbidean uraren hodi bat-edo lehertu da, eta aberia konpontzeko lanetan, kale horretako bi ezki bota dituzte. Ezki bi horiek omen ziren ur-hodia lehertu izanaren errudunak. Ordurako herrian aski zabaldua zen Nafarroa kaleko ezkiak botatzearen aurka ala alde zeuden jendeen arteko eztabaida. Kontua da (albiste horrek hala dio, behintzat), alkate jauna han zela, ur-isurketaren konponketa eta ezkien mozketa in situ ikusten. Herritar batek galdetu omen zion: "Azkenean, zer? Zuhaitz guztiak bota behar al dituzue?". Eta alkatearen erantzuna: "Beno, lasai, gizon, hemendik hamar egunetara guztiek ahaztua dute kontu hori dena".
Horraino kontua. Nik ez dut esango horrela izan zenik, ez alkateak hori esan zuenik ere. Bakar-bakarrik erabili nahi dut adibide hori gaur egungo gizartean ditugun hiru bizio aireratzeko: bat, oinarri zalantzazkoa duen edozein kontu ontzat emateko joera (kritikotasun eza); bi, jaso berri dugun hori egiaztatu gabe zabaltzeko joera (murmurazioa); eta hiru, bezperan bolo-bolo ibilitako kontu hori laster baino lehenago ahaztekoa (memoria eza).
Hamar egun pasatu dira albistea zabaldu zenetik, eta, agian, ahaztua dago dagoeneko. Botako dituzte Nafarroa etorbideko ezkiak, konponduko dituzte hango ur-ekarrerak eta ur-isurketak, sartuko dituzte kainu berriak, eramango dituzte hodi beltzetan gure hondakinak ur-araztegira, jarriko dizkigute bide bazterrean gehiegi haziko ez diren eta hodietara ur bila joango ez diren zuhaitz sustrai laburrak, eta hamar egunetan ez bada, hilabete gutxitan ahaztuko ditugu ezkiak, espaloiak eta hirigintza onak nolakoa izan beharko lukeen. Dena ahaztuko dugu, lehen beste hainbat gauza bezala.
Ahaztu dugu herria herritarrona dela, baina etxegintzak edo trenbideko obrek beretzat hartu dutela. Ahaztu dugu herritarronak omen diren espaloiak terraza bilakatu direla, surfeko oholak gordetzeko leku, bizikletak uzteko txoko, denden salgaiak erakusteko erakusleiho… Dena kanpotarrek dirua jorra dezaten amu. Beharbada halaxe izan beharko du. Zaila da aldatzea, egina dugu bide luzea, eta itzulerarik gabekoa, eta dagoena dago, ez besterik, baina ez ote genuke gogoetaren bat egin behar aztertzeko nolako herri izan nahi dugun?
Ahaztu egiten zaigu baso atlantiko baten erdian egindako herri batean bizi garela. Bai, baso baten erdian, eta basoetan zuhaitzak hazi egiten dira, eta ura dute gustuko. Ura behar dute. Eta alboan ur-hodi bat badute, hango ura edatea da zuhaitzaren nahia. Eta sustraiak hara eta hona luzatzea ezinbestekoa zaio zuhaitzari zutik jarraitu nahi badu. Horretarako espaloiak okertu eta kainuak itxi behar baditu ere, halaxe egingo du. Eta erremedioa ez da zuhaitzak botatzea, txikiagoak jartzea, errekak harlauzen azpian gordetzea, asfalto eta zementu gehiago erabiltzea lurraren berezko joera (baso atlantikoa) menderatzen egoskortzea; erremedioa da non bizi garen onartzea: basoaren erdian, padura batean. Guk nahi ala ez, landareek bereganatu nahi duten lur-eremu batean gaude, eta hori onartzen ez dugun bitartean, hirigintzak hori kontuan hartzen ez duen bitartean, etengabeko borroka batean arituko gara, irabazi ezin dugun borroka batean.
Antzina, basoari larregune bat lapurtu nahi zitzaionean, sarobe edo saroi bat egin ohi zen. Basoaren erdian harri handi bat paratu, haren inguruan biribil batean ingurua soildu, eta basoko soilgune hura izaten zen abeltzaintzarako gunea eraikuntza koskor batekin, maiz. Gauzak ez dira oinarrian asko aldatu, horixe da herri bat; handiagoa, konplexuagoa, zabalagoa, suntsitzaileagoa… baina gure lurraldean egindako soilgune bat da. Ez ahaztu gauzak hamar egun pasatutakoan: basoko soilgune horretan ahalik eta ondoen bizitzera moldatu behar dugu, inoiz ahaztu gabe apopilo hutsak garela baso horren barruan.