Iritzia: 'Gurutze-bidea'

Olaizolak mendian aurkitutako gurutzea; ‘George Floyd’ ageri da idatzita. (J. M. Olaizola)

Hemen irakurgai Urola Kostako Hitzako Puntuka atalean Jesus Mari Olaizola Txiliku-k idatzitako artikulua.

Gaur egun izango dira, beharbada, gurutze-bide delako hori zer den ulertzen ez duten pertsonak, edota, agian, pentsatzen dutenak bide-gurutzeari deitzeko beste era bat dela. Baina ez da horrela, bide-gurutzea eta gurutze-bidea ez dira gauza bera, ez diren bezala behi-esnea eta esne-behia, ardo-botila eta botila-ardoa, euli-kaka eta kaka-eulia, ardo-mahatsa eta mahats-ardoa… Bideak gurutzatzen diren lekua da bide-gurutzea, eta gurutzez betetako bidea, berriz, gurutze-bidea.
Bide hori zer den zehatz ezagutzeko erlijio kristau katolikoaren erritu zaharrak ezagutu behar dira, edota zahar samarra izan, edade handi samarra dugunok nahi gabe ere izan baikenuen bide horren berri. 

Oinarrian, Jesu Kristoren nekaldia edo pasioa irudikatzen duen bidea da gurutzearen bidea, eta hamalau gurutze edo irudiz seinalatzen da. Garai batean, Aste Santu inguruan ezinbestekoa zen halako gurutze-bide bat egitea. Sarritan, eliza barruan bertan egiten zen, elizaren bi aldeetara jarriak baitzeuden hamalau irudiak pasio santua ilustratuz; ikusiko zenuen halakoren bat elizaren batean. Dena dela, gurutze-bidea egiteko erarik ikusgarriena naturan bertan zen, mendian, eta aurreko mendeko garai erlijiosoenetan hainbat eta hainbat gurutze-bide antolatu ziren gure inguruan. 

Esaera zaharrak dio: Ahuntza, harri gainean jaio eta harri gainean bizi, eta antzekoa gertatzen guri ere, mendi inguruan hazi garenok mendirako joera oraindik ere, eta joan den astean hor jo genuen anaia eta biok mendiko gurutze-bideak bisitatzera; bidaia bakarrean bi, Hernio Txiki deitutakoa lehenengo eta Pagoetako gurutzeko ipar magalean dagoena gero. Biak ere leku bakartuetan daude, herriguneetatik aparte (joan egin behar da haraino errezatzera!); Hernio Txikikoa ikuspegi zabaleko gaintxo batean, Pagoetako gurutzekoa basoaren erdian, eta, bigarren horretan, ikusgarriak dira gurutzeek dituzten irudiak. 

Irudi horiek egiteko eredua egurrean egin lehenengo, haren moldea eskaiolan atera eta eskaiolazko molde horiek erabiliz osatu omen ziren zementu armatuan. Ez dakit, gero, nola arraio eramango zituzten gain hartaraino. 

Oker ez banago, 1935eko ekainaren lehenengo igandean inauguratu zen gurutze-bidea eta Pagoetako gurutzea bera; hortik, nire ustez, zarauztarrok ekaineko lehen igandean mendi horretara igotzeko dugun grina.

Kontu zaharrak kontu zahar, goazen mamira. Lehengo txango hartan, tontorretik behera gentozela zer ikusiko, eta gurutze-bideko gurutze horietako bat lurrean eroria eta beltzez pintatua. Nire lehenengo pentsamendua gurutzearen eta erlijioren aurkako norbaiten ekintza izango zela, baina ez. Gurutze-bideko lurreko gurutzeak, seigarrenak, Veronikaren irudia (zapia eskuetan) duenak, bazuen mezu bat iragartzeko. George Floyd zioen pintura zuriz idatzia, eta data batzuk: 1973-2020.

Gogoratu Minneapolisen polizia batek lepagainean belauna jarrita ito arte ia bederatzi minutuz eduki zuen beltza izan zela George Floyd. Hortik, seguru asko, gurutzea beltzez margoturik egotea eta jaiotza eta heriotza datak gurutzearen gaineko atalean izatea.

Ez dakit zuei, baina niri zirrara eragin zidan lurrean etzandako gurutze beltz hark; norbaitek nahita egindako arte-interbentzioa zen hura, gurutze-bide zaharreko atal batean ezarritako argigune (edo itzalgune) adierazkorra. Pentsatzeko bide eman zidan, nekaldi berrien oroigarriz eraiki daitezkeen beste gurutze-bide batzuen iragarkia: migrazio luzean egin beharreko bide arantzatsuenak, genero, arraza, kolore, iritzi edota pentsamendu ezberdinekoei boterea, indarra eta agintea dutenek eragindako nekaldiak irudikatzekoak… ahul eta zanpatuen gurutze-bideak, alegia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide