Heriotza

Egia da urteetan aurrera goazen neurrian nabariagoa egiten zaigula heriotzaren presentzia, baina horrek ez luke izan behar arrazoi nahikoa haurrei eta gazteei heriotzaren errealitatea ezkutatzeko. Lehenago edo geroxeago horretaz jabetu beharko dute, heriotza biziaren beraren zati bazter ezina baita, eta halatzat hartu beharko genuke.

8 urte bete berriak nituen aitona Martin hil zitzaigunean. Santa Marinako festak ziren, eta arreba eta biok (geure kasara, bakarrik, 6 eta 8 urterekin) festetan ginen, arratsaldean. Auzoko Pedrojoxek esan zigun etxeratu egin behar genuela berehala, zerbait larria gertatu zela eta. Halaxe egin eta etxean jakin genuen baratzean bihotzekoak jota bat-batean hila zela gure aitona. Orduko baserrietan ohikoa zen eran jende asko bizi ginen etxe berean: aitona-amonak eta osaba zaharra, gurasoak eta etxeko izeko eta lau anai-arreba, neu zaharrena eta hamar eguneko jaioberria arreba gaztea; hiru belaunaldi.

Kaleko festa girotik etxeratu ginenerako, han zegoen heriotzaren itzala gure etxebizitzan sartua, bere hegal ilunak zabal-zabalik eginda, hiletak etxetik bertatik antolatzen zirenez, eta hilotza etxean edukitzeak sortzen zituen eragozpenak bitarteko, umeekin zer egin erabaki beharra zegoen. Bi tartekoak (6 eta 4 urtekoak) amaren baserrira bidali zituzten, egun batzuk han pasatzera, ez zezaten etengabe hildakoaren presentzia sumatu. Hamar eguneko haurra eta 8 urteko maiorazkoa etxean geratu ginen, hark ez zuelako gertatzen zenaren zentzurik, eta nik, 7 urteak gaindituak eta komunioa egina, pertsona helduaren zentzua eskuratua nuenez. Bat-bateko heriotzak sortutako unibertso beltz hartan egin nuen Herioren ezagutza, eta etxeko besteekin batera ulertu eta bizi behar izan nituen biziaren amaierako une latz haiek. Etxeko bazter batetik bestera ibili nintzen erdi galdurik dabilen mamuaren antzera, eta halako batean, ukuilura jaisteko atea irekita, eskailburuan eserita gure aita topatu nuen negarrari emanda. Atekorredera berriz itxi eta hantxe utzi nuen bere saminarekin.

Gogor samarra? Beste era batekoa beharko luke hiltzearen ezagutzak? Gaur egungo gaztetxoek ez dute hain gordinki dastatzen heriotzaren zapore garratza, baina egokiago da egungo joera? Hala izan behar du?

Iruditzen zait ez dela ezer lortzen ezkutuan gordez noizbait agerikoa izango zaiguna: heriotzarekin amaituko dugula gure bizia.

Egia da garai haietan bazela denek onartutako bizitza berri baten itxaropena heriotzaren ondoren, eta horrek errazagoa egiten zuela une gogor horietako samina jasatea, baina horretan sinesten ez dugunok ere bizitzarekiko ikuspegi irekiagoa beharko genuke, eta onartuago izan amaiera. Lagun batek, fededuna
bera, esaten dit porrot batean (heriotzaren porrotean) amaitzen dela denon bizia ez bada ondoreneko bizitzarik, eta nik esan nahi nioke bizitza badela berez bizitzea balio duen zerbait, hiltzea bizitza horretan barne izanda ere.

Onartzen dut lehen erlijioak errazagoa egiten zuela heriotza azaltzea, argitzea eta esplikatzea, baina fedea utzi ondorengo belaunaldi gureak, fedea galtzearekin batera heriotza ezkutatzera jo dugunok, ikasi beharrean gaude esaten hiltzea ez dela bizitzearen porrota, haren zati saihestu ezina baizik. Bizitzea ederra da; gehienetan, bizitzak merezi du.

Eta zer da, bada, bizi ondoren utziko duguna? Zein da gure ondarea, gure altxorra eta pozbidea?

Gure geneak, alde batetik, ondorengoak baditugu, eta gure bizitzeko moduaren eredua (deitu kultura nahi izanez gero) gure inguruan ditugunentzat opari. Nik uste dut bizitzaren ederrena dela heriotzako orduan esan ahal izatea: jaunak, andereak, luxu bat izan da zuen artean bizitzea!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide