Tabernen fabore

Hemen dago irakurgai aste honetako 'Puntuka' atalerako Txilikuk idatzitako testua. 

Izurrite batean murgilduta egonik, ohiko joera izan da penitentzia eskatzen hastea eta «nor dar erruduna?» galdetzea. Harritu egin nau ahots apokaliptikorik ez entzuteak, gure bekatuen zigor eta ordainetan etorria zaigula izurria, eta horrelakoak. Aldaketa? Gizarte, nolabait, laikoagoa? Ez dakit. Penitentzia erlijiosoaren ordez eskatu da gaizki egindako gauzak zuzentzea: gehiegi kontsumitu dugu, ez dugu ingurua zaindu, oreka ekologikoa hautsi dugu, erregai fosilei su eman diegu… Eta mea culpa esan dugu damu eta kontrizio apur (gutxi) batekin, eta zuzentzeko asmo gutxiagorekin. Amen. Bigarren atalean, ordea, «non dago erruduna?» galderari erantzuterakoan, aise konpondu gara errudun eta kulpanteak nor izan daitezkeen nabarmentzeko garaian.

Beti pentsatu izan dut norbanako bakoitzaren barnean badela polizia, komisario politiko, fedearen sustatzaile edo tutore zorrotzaren bokazioa duen izaki txiki (edo handi) bana, eta horrek bultzatuta aritu gara gazteen zurrutak, zaharragoen bilerak eta familietako biltzarrak gaitzesten misioetan etortzen ziren garai bateko sermoilarien antzera. Denek izan dituzte, nik hala uste, egindakoak egiteko arrazoi bat baino gehiago, gizarteak berea baitu gizarteratzea, hitz egitea, elkartzea, elkarrekin jan eta edanean aritzea, musukatzea eta besarkatzea, jolastu eta libertitzea… Denen faboreetan hitz egin edo idatz daiteke, baina gaurkoan tabernen faboreetan aritu nahiko nuke, azken aldiko predikuekin zoko ilun, drogaren eta birusen banatzaile, izurritearen barreiabide eta infernuko deabruen bizileku baitirudite gure betiko tabernatxo horiek.

Aurreko mendeko 70. urte aldera pezeta batean kobratzen zuten ardo-txikitoa (haiek bai sozializatzeko garaiak, kamarada!), baina bi pezatara igo zuten prezioa bat-batean. Hura sekulakoa izan zen. Txikiteoan ibiltzen zirenak (ginenok) boikotera deitu zuten (genuen). Donostiako Zaharrean orduan ardandegiak baino askoz gehiago ez ziren Bodegon Donostiarra eta Txepetxa lepo egoten ziren txikitoa 1,50 pezetatan jarri zutelako. Igoeraren eragile omen ziren tabernen aurrean, etxetik ekarritako zahatoarekin joan eta egiten zuen ohiko txurruta jendeak. Laster baino lehen joan zen olatua, ordea, eta sozializatu beharrak indar gehiago izan zuen ardoaren prezioak baino: gure eguneroko txikiteora itzuli ginen zintzo demonio.

Tabernari gehienek ahozko argibideak eman zituzten igoera arrazoitzeko, labur esanda, bizitza gero eta garestiago zegoela eta beraiek ere bizi egin behar zutela… Hala ere, Amarako El bote izeneko tabernan orritxo bat (gaur flyer deituko genioke) atera zuten bi pezetako txikitoa arrazoitzeko. Buruz ari naiz, eta ez dakit zehazten, baina hau zen, gutxi gorabehera, testua: Bi pezetarengatik eskaintzen dizugu baxoerdi bat: taxuxko ardoa, zuria, gorria edo beltza. Basokada bat ur. Txorrokoa. Hortz-arteak garbitzeko txotxa. Egunkaria irakurtzeko, zerbitzariarekin hitz egiteko eta lasai eserita egoteko aukera. Gure tabernako bezero guztiak punta-puntako jakitunak dira futbol-kontuetan, eta haien jakituriatik ikasi, haiekin hitz egin, eta, zuk ere gai horretaz badakizu, eztabaidatzeko aukera paregabea eskaintzen dizugu. Politikaz hitz egin dezakezu, gobernuaren aurka ez den bitartean (eta hala bada, zeurea izango da ardura). Azkenik, eztabaidan sortutako adurra edo ardoak ezpainetan utzitako orbanen bat lehortzeko paperezko zapitxo bat ere eskainiko dizugu etxerako bidea hartu baino lehen. Bi pezeta soilengatik ez al da eskaintza ona?

Uste dut ez dagoela zer gehitu. Tabernak zabalik behar ditugu egoerak bide ematen duen ahalik eta lasterren. Sozializatzearren. Gure osasun mentalarengatik. Eta ardoarengatik…

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide