Gero eta gehiago esaten da gure planetak ezin duela jasan gizarte aurreratuak eragiten dion ustiaketa (euskaldunok bi planeta eta erdi behar omen genituzke bizi garen mailari eusteko). Hortik dator garapen jasangarriaren kontzeptua, alegia, planetak jasan dezakeen neurrian kontsumitu beharko genukeela, eta ez gehiago.
Hala ere, euskaraz behintzat, beste era batera ere deitzen zaio kontzeptu horri berari: garapen iraunkorra, eta iraunkortasun horri heldu nahi nioke gaur kontzientzia ekologia soilik ez dela nahikoa azpimarratzeko; hor doa adibide bat hori argitzeko, garai bateko etsenplu edo irakasbide zaharren modura.
Nik asko maite dut trena, bidaiari bakoitzeko energia gutxien behar duen garraio-era izateaz gain, erosoa eta gizartekoia delako; horregatik, asko poztu nintzen Euskotrenek hondakin-bilketa kanpaina bat martxan jarri eta bolaluma erabiliak eta ontzien tapak jasotzen hasi zenean. Keinu bat zen. Pentsatu nahi dut gaiak bereizten ditugunean, haiek birziklatzeko enpresei gauzak errazteaz gain, planetaren alde saiatzen ari garela.
Berehala hasi zen jendea ontzien tapak eta gainerakoak eramaten. Gure herrian bada, beraz, birziklatzea ona dela sinesten duen jende kontzientziaduna. Baina ez da nahikoa, iraunkor izan behar dugu (dute) eta bideari tinko eutsi kontzientzia lasaitzeko itxura oneko ekintza bakanean ez geratzeko abiatu berri den bide hori. Gabonak baino zertxobait lehen gaindituta zegoen ontzi-tapa biltzeko kutxa, gainean pilatuta poltsa mordoa, geltokiko itxaron-gela lotsagarri uzteko adina. Geroztik, tapak eramanez, txukundu badute ere, berriz pilatu dira hondakinak geltoki-bazterrean. Zer esan nahi du horrek? Ekintza iraunkor eta eraginkorrak izan behar dutela martxan jartzen direnak. Ez da nahikoa ideia ona, iraunkorra behar du izan.
Eta goazen urrutirago. Zer gehiago diote pilatutako tapa horiek?
Dagoeneko gaitzak jotako gizartea dela gurea, eta birziklatzen aritzea ez dela nahikoa, kontzientziaz gain, gure bizitzeko modua ere aldatu behar dugula. Tapa adina ontzi bazirela oihukatzen du, eta ontzi gutxiago eta janari edo edariak kudeatzeko beste modu batzuk berreskuratu behar ditugula. Asepsiaren obsesioak jotako gizartea garela, dena plastikopean gorde behar konpultsiboak kutsatutakoa, geu zikintzeko beldurrez bazter guztiak kutsatzen ditugun pertsonak garela.
Erne! Bestelako neurak ere badira. Esango digute ura aurrezteko eta errudun sentituko gara txorrota zabalik uzten badugu hortzak garbitzen ditugun bitartean, kontatuko digute zenbat energia behar den okela-xerra bat ekoizteko, eta neurtuko dituzte zenbat metano duen behien putzak, baina ez erori tranpa horretan. Ez errudunago sentitu Urdanetako txahal baten txuleta jatean Kanadako lautadetan bildutako barbantzuekin egindako hummusa dastatzean baino, edota Urtetako esnea edatean Ameriketako Estatu Batuetako zelaien batean jasotako sojarekin egindako edabea irenstean baino. Baina pentsatu dutxako ura Algeriako edo Ukrainian zehar Errusiako zoko urruti batetik ekarritako gasarekin dagoela berotua; Bolivian estatu kolpe bat edo Extremaduran txikizioa sortu duela sakelakoaren litiozko bateriak, eta kalte ekologiko konponzailak zure ahuakate beganoak. Ez da bakarrik kontzientzia esnatu beharrekoa, gure bizimoldea aldatzea da oinarria, eta adi egotea kontsumo-gizarte honek jarritako tranpa guztiei erreparatzeko.