Memoria eta ondarea
Memoria ontzi hauskorra da, eta, gainera, behin baino gehiagotan ez dakigu ontzi hauskor horrek zer daraman barnean. Gero eta gehiago konturatzen gara horretaz adinean aurrera goazen neurrian, batez ere zerbait "mingainaren puntan" eduki eta memoriak ukatzen digunean.
Memoriak badaki gezurretan ere, edo, hobeto esanda, memoriak badaki gu engainatzen. Intentzio eta asmo txarrik gabe bada ere, zenbaitetan egia ez dena ekartzen baitigu gogora.
Memoriak euskarri ezezagunak ditu oinarrian: zenbaitetan usain bat nahikoa da zerbaitez gogoratzeko, edota irudi edo argazki batek ekartzen dizkigu oroitzapenak; beste zenbaitetan zeharo ahazten dugu gurekin egon zen beste norbaiten memoriak goxotasun bereziz gorde zuen bitxikeria hura.
Memoriak, azkenik, desegin eta desagertzeko berezko joera du, eta ez bada behin eta berriro gogoratzen, ezabatu egiten da gure bizi, inguru eta kideetatik.
Oraindik ez dute asmatu usainak biltzeko gordelekurik, eta bitartean hainbat usainen memoria galdu da; nork ezagutzen du gaur garo-usaina edo belar onduarena? Baina usainak ez bezala irudiak, argazkiak, objektuak eta eraikuntzak gorde edo manten daitezke, eta horiek dira gure ondarea, gu denon memoriari euskarriak jartzeko balio duten zutabeak.
Gogoratzen duzue gaur egun Euromar den horretan zegoen villa San Jose hura, jauregi ingeles baten itxura zuena? Gero eta gutxiago dira hura ikusi zuten begiak, eta argazki bakar batzuetara jo beharko dute gainerakoek memoriara ekartzeko.
Zenbaitetan, asmo onenarekin sinetsi nahi dut, gure ondarea aintzat hartuko dela esan ohi dute. Herriaren hazteak, herriaren beharrak, herriaren berezkotasunak eskatzen duela zaharra suntsitu eta berria egitea, baina halako ondare hori edo hura mantendu egingo direla. Gazteluko eraikuntzak egiteko zeudela, bertan behera bota zuten sarreran zegoen eraikuntza, gaztelu txiki polit baten itxura zuena. Harriak zenbakiz izendatu ondoren, bota ere, gero beste leku batean harriz harri eraikitzekotan. Harri haiek urte luzez pilatuta ikusi nituen herriko beste punta batean, eta pila gero eta laburragoa egiten ikusi ere. Ez dakit harri bakar bat ere geratzen den, ez nuke apustu egingo…
Ondarea galtzen denean haren memoriak galtzeko arrisku handia du. Nork gogoratzen du Gazteluri izena eman zion gaztelutxo hura?
Villapadierna markesak ehizarako cottage bat egin zuen Zarauzko herritik mendi aldera. Sekulako zalditegia, kristalezko negutegia, lorategi ederra, punta-puntako arboretuma eta txokolatea eta boladu-urarekin gozatutako meriendak egiteko, inguru ederrekin begiak solastuz, begiratokia. Vista Alegre jarri zion izena. Begiratokiari torreoia deitzen diogu.
Ez nator esatera markesek XX. mendeko hasieran izan zituzten apetaldiak zaindu eta gorde behar direnik, baina bai esango dut Zarauzko herriak ez duela behar bezala zaindu hango parkea; eta ez dakit zer egin behar den torreoiarekin, baina ulertzen dut hango jendeak bere-beretzat hartzea eta gorde nahi izatea. Memoria ontzi hauskorra da eta ondarea behar dugu hura huts ez dadin.
Mendea izango du torreoiak, baina badira beste hainbat gauza zaharragoak eta zaindu beharrekoak, eta ahaztuta ditugunak.
Paskual Madoz nafarra Zarautza etorri zen alaba bat gaixo zuelako oso, eta herriko udako eguraldiak eta itsasoko bainuek on egingo ziotelakoan. Herriaz maitemindu eta jauregi bat eraiki zuen, eta herriari lagundu urak Esteraindik ekarri eta herrian (eta bere etxean) iturriak jartzeko. Hori 1850 aldera izan zen. Oker ez banago Hiruerreketan dago herriko ur-biltegi zaharrena eta pixka bat gorago (Basaloretik Esterainera) ur-arketa bat 1850 data harrian zizelkatuta duena. Norbaitek gogoratzen ditu?
Memoriak beharrezko ditu euskarriak. Hauskorra da oso.