Euskaldunok apustuzalearen ospea dugu, eta, beharbada, arrazoiz irabazitakoa izan da izen hori. Jokoaz gain, estropadak, aizkolariak, harri-jasotzaileak, idi-demak, ahari-jokoak, oilar-borrokak eta pilota-partidak ohiko lehiak ziren lehiakideen artean desafioak eta ikusleen artean trabesak eta apustuak egiteko. Eta dirua erruz jokatzen zen; beti aditu izan dugu halakok pinutegia galdu zuela apustu batean, edota oriotarren batek etxeko lastairak ere zorretan zituela herritarrek estropadaren batean atzean etorri ondoren.
Mutil koxkor bat besterik ez nintzen izango apustuen munduaren berri izan nuenean. Kooperatiba plazan tranpailu bat jarri zuten eta Jose Ignazio Esnal, ezizenez Sujetua, han goian zen desafio bat bitarte. Berak bere buruari jarritako lehia zuen, erakusaldi bat, exhibizioa, orduan esaten zenez: oker ez banago 60 urte zituen eta apustu egin zuen 60 minututan baietz ebaki 60 ez-dakit-zereko enborra. Enborraren neurria 108” agertzen da paperetan, baina niretzat sekulako arbola-ipurdia zen. Adiskide bat etorri zitzaion aita zenari esanez apustu egingo ziola ezetz amaitu lana 60 minututan. Gogoratzen dut aita zenak esan ziola:
–Nik ez diat sekula apusturik egiten.
Baina bestea tematu zen eta kafe bat jokatu zuen aita zenak Sujetuaren alde (auzokoa zuen, nolabait, eta tokatzen zitzaion). Galdu egin zuen: ordubetea baino minutu pare bat gehiago behar izan zituen Joxe Iñaxiok lana amaitzeko.
Zarautzen apustu ugari egiten ziren frankismo ondorengo urte haietan, 50 eta 60ko hamarkadetan. Horietako bat Getariako Ignazio Alberdi Iñarrak eta Orioko Ignazio Ibarguren Etxezarretak egin zuten.
Harri-jasotze lanetan hainbat motatako harriak erabiltzen dira, bai formaren aldetik (zilindroak, kuboak, biribilak…), baita txiki-handitasunagatik ere. Harri “txikiak” ere 100 kilotik gorakoak izan ohi dira, baina ez zen halakoa izan 1958. urtean Zarautzen aipatutako oriotarrak eta getariarrak erabili zutena: 50 kilo zituen. Apustua zeinek ordu erdi batean gehiagotan altxatu izan zen, eta Ibargurenek irabazi zuen 431 aldiz altxatu baitzuen bizkarrera.
Bada esaera bat dioena lasto bakar bat ere astunegia egiten dela behar adina denboraz bizkarrean eramanez gero. Beharbada, horrelako zerbait izango zuen buruan norbaitek esan zuenean:
–Ez zegok hori hobeagotzerik, ezta gari lastoa altxatuz ere! Ez zegok hori baino sarriago ezer bizkarrera eramaterik ordu erdi batean!
Zarauztar batek baietz uste zuen, egin zitekeela. Lancaster zuen ezizena eta ezaguna zen herrian. Pertsonaia bitxia zen, nolabait; gorria izatearen ospea zuen eta hori ez zen gauza ona gerra ondorengo urte haietan; elizarekin ere ez zen batere ondo konpontzen, eta jendeak zioenez bekatuan bizi zen bere adiskidearekin. Dena dela, bazuen itzala. Kirolari ona, pilotaria, kiroletako artikuluak idazten zituen arratsaldeko egunkarian (ai!, egunkariak goizez eta arratsaldez argitaratzen ziren garaiak!) eta Koartango deitzen genion denda bat zuen familiak Kooperatiba plazan. Bada, Lancaster edo Koartango deitzen genuen gizon horrek uste zuen hobetu zitekeela Ibargurenen balentria.
Ez zen joan plazara lasto batekin, galleta-kutxa bat eraman zuen, ordez, eta han aritu zen ordu erdi batez 13 kilo pisatzen zuen kutxa hura bizkarrera behin eta berriro jasoz. Bost ehun eta berrogeita hiru (543) aldiz jaso zuen; batez beste, 18 aldiz minutu bakoitzean; gutxi gorabehera 3 segundotik behin altxatu zuen kutxa bizkarrera.
Jasoaldiak kontatzen aritu zenak ere izan zuen lan pixka bat egun hartan…