Inbertsio imaginatibo handia egin ohi dugu kanpainan. Hainbat buru arrazional loteria erostera bultzatzen dituen fede horren antzera, egun batzuetan sinesten dugu agian, zorte pixka batekin, Jupiter eta Artizarra lerrokatzen diren bisurtean bederen, egon daitekeela gauzak aldatzeko aukeraren bat. Nahiz eta gero, egiaz, ezagutzen ditugun estatistikak, batez ere soziologikoak: gizartea oro har kontserbadorea da, eta zuri ere ez bazaizkizu aldaketak gustatzen, nori gustatu behar zaizkio, ba?
Anarkista militante baten alaba modura, etengabeko bakarrizketa mentala izan ohi da nire hauteskunde lokalerako paseoa: sistemaren aurka jokatu nahi dugu sistemak berak emandako tresnekin. Baina, aldi berean, ez ote da hobe sistemaren muskulu minuskuluenak bederen kontrolatzen saiatzea? Eta botoa eman ostean, buelta eszeptizismora: sistema global kapitalista lehiatugabe batean posible ote da ezer kontrolatzea?
Alegia: zertarako balio ote du bozkatzeak? Udalek eta foru gobernuek bezain administrazio txikiek zenbateraino alda dezakete gure bizimodua, zakurrak non paseatu behar ditugun arautzeaz harago?
Ba, ziurrenik, egunerokoan sumatzen duguna baino gehiago. Eta ez naiz ari soilik aparkalekuen erregulazioaz edota zabor bilketaz. Legeek munduaren irudi bat konfiguratzen dute, eta hark eragina du gure munduan egoteko moduan. Muga administratibo, geografiko eta politikoak muga mental bihurtzen dira maiz. Foru lege bati esker, «zona no vascófona» batean bizi zarela ikasten duzu, alegia, zure ingurunearen ezaugarri nagusia hizkuntza baten inexistentzia dela; eta hizkuntza horrek zuretzat ere existitzeari uzten dio, ez duzu ikusten.
Besteak, baskofonoak, mugaz harago daude; interes kontrajarriak dituzten eta funtsean bateraezinak diren bi talde kultural existitzen direla sinestera iristen zara. Eta horrela, bereizketa kultural eta politikoa bereizketa mental bihurtzen da. Ez zara inolaz ere interpelatuta sentitzen «vascófono» izan daitekeen ezerengandik, eta apurka «cosas de vascos» kategoria mentala eraikitzen zoaz zeure buruan; dantzetarako eta bestelako folklorismoetarako gordetako karpeta mental bat. Agian sinpatia eta guzti piztuko dizute, agian euskal abizenen bat daukazu, eta zure tradiziotzat dituzu zenbait euskal gauza. Baina horraino: kategoria mental horretatik harago, ez duzu sinetsiko zurea ez den mundu horrek zuri ezer eskaintzeko daukanik, abangoardiarik sortzeko gai denik, zure eremu mentaletik mugiarazteko arrazoirik egon litekeenik, erabat ahaztuta eurek zure eremu kulturalerako sarbidea ere badutela, zurekin bizi direla; areago, eurak ere ez-baskofonoak direla egun askotan.
Areago: cosas de vascos kategoria mentala ez da elebakarrena soilik. Elebidun askok ere ez dute euren burua kategoria horretatik kanpoko ezertan irudikatzen, ez bederen euskaraz. Dantzetara eta akaso bertsotara suhartsuki joango dira, baina ez dute euskal podcastik entzungo, eta ez diote euren buruari galdetuko Erriberako jotak euren kultura ere ba ote diren. Horra, gure zonifikazio mentala.