Memoria pixka bat

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2023ko mai. 14a, 00:00

Zer, ja? Berriro?». Bat baino gehiago ustekabean harrapatu du hauteskunde kanpaina honek, azken lau urteok egiaz lau modura konputatu ez balute bezala. Pandemiak erreten bat ekarri zuen gure denboraren esperientziara. Zertaz mintzo ote ginen 2019an, Covid-19 hitzek NASAko robot baten izena ziruditenean?

Hemeroteka lana aurreztuko dizuet: 2019a Nafarroan aldaketa balaztatu zen urtea izan zen. Eskuinak lezioa ikasi zuen, eta onartu zuen nahiago zuela bere siglei uko egin, baskoei gobernatzen utzi baino. Gipuzkoan EAJ/PSE-EE bikoteak ezteietan jarraitzen zuen; Zubietan Gipuzkoako Ingurumen Gunea (eufemismo onenaren sariaren zain jarraitzen duen erraustegia) eraikitzen amaitzen ari ziren, eta bozak baino hilabete lehenago jarri zuten martxan, zaborra erretzen zekiela frogatzeko. Bizkaiko erakundeetan ere denak antzera jarraitzeko itxura zeukan. Hala ere, Osakidetza jada titularrak eragiten hasia zen, euskal politikarien artean eklipse hibridoak baino urriagoa den fenomeno baten lekuko izan ginelako: Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa emana zuen bozak baino aste batzuk lehenago, kontratazio publikoen inguruko polemika zela eta. Beti susmatu izan dut Darponek kristalezko bola bat zeukala eta bazekiela urtebetera zetorren pandemiarekin bestela ere Jaurlaritzako aulki deserosoena egokitu zitzaiola.

Gizartean, protestak eta grebak zeuden orduan ere; Ipar Euskal Herrian, zerbitzu publikoen alde; Hegoaldean, zaintza langileen partetik. Ingurumenaz mintzo ginen, Australian sute ikaragarriak gertatu zirelako, eta 2019a ordura arteko urte beroena izan zelako (titular hau urtero errepikatu da ordutik). AEBetan Trump zegoen agintean, Txinarekiko gerra komertzial betean; baina biak urrun zeudenez eta ulertzen ez genituenez, ez zitzaigun askorik axola. Europan oraindik Angela Merkel geneukan, eta Merkel zegoen bitartean, ezin zen ezer erori. Ekonomian, gehienez ere Euskal Herrian hedatzen ari ziren merkataritza guneei buruz eztabaidatzen genuen, saltoki handien mugak arautu edo ez.

Lau urte geroago, ez daude ez Trump eta ez Merkel, baina Mercadonak hedatu dira bazter guztietara. Ukrainan irudikatu ezinezko gerra batek horniduren eta energiaren eskasia eragin du, hipoteketan islatzeraino. Banku batzuen hondoratzeak 2008ko krisiaren oihartzuna dakar. 2019an izan genitzakeen segurtasun apurrak erraustu zituen pandemiak, eta gure osasungintzaren eta bestelako sistema publikoen miseria handienak utzi zituen agerian. Aldi berean, pandemiaren kudeaketak tokiko erakundeen erabateko desbalorizazio bati ere eman zion bide. Madrilgo zein Parisko gobernuen komunikatu solemneek zein armadaren fumigazio operazio ikusgarriek, denak zeukan funtzio errepresentatibo bat: krisian, une garrantzitsuetan, egiaz nork agintzen duen erakusteko keinuak ziren. Jaurlaritzak zein udalek zeresan gutxi zutela ikasi genuen.

Eta sinesgarritasun krisi hori ez da bukatu. Zein funtzio aitortzen diegu tokiko erakundeei testuinguru horretan? Eragingo ote du esperientzia hauen memoriak gure hauteskunde portaeran?

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide