Zaila da Iruñea azken egunotan nola egon den deskribatzea adjektibo hiperbolikorik erabili gabe. Udako ekaitz elektrikoen aurreko egun sargorien tenperatura izan du hiriak: pandemiako bi urteak luze egin zaizkie iruindarrei, baina are luzeago egin zaizkie sanferminik gabeko bi urteak. Omikronen aldaera berriak nonahi egonik ere, ez da atzera bueltarik: behin festak aginduta, ezin da hitz hori atzera bota. Itzuli dira.
Gu ere garai bertsuan itzuli gara beste hiri elektriko batetik, Mexikotik. Musukorik gabe bizi den Iruñera itzuli gara, COVIDaz galdetuta mundu guztiak etsita edo axolagabe sorbaldak altxatzen zituen tokira: «Honezkero jada... harrapatu behar bada, harrapatuko dugu». Ez dirudi festetan kutsatzeek gora egiteak inor benetan kezkatzen duenik. Amaitu dira kontuz ibiltzeko garaiak: jendea nekatuta dago segurtasunean pentsatu beharraz.
Eta bururatzen zait zeinen lasai bizi gaitezkeen halako egoera batean, kutsatzeko hain probabilitate altua izanagatik ere. Gaixotuz gero ospitaleko ohe bat izango duela badakienaren segurtasunarekin aterako gara festara. Mexikotik eszeptikoago itzuli gara segurtasun horrekiko: han ikusi dugu zer den osasungintza publikoari baliorik aitortzen ez dion gizarte batean gaixorik egotea. Larrialdietan 100 euro kostatzen da medikuaren lehen begirada, eta faktura igotzen doa beharrezko tratamenduaren arabera. Diru hori aurreratu ezin dutenek hobe dute maindirez eta denboraz hornitu ospitale publiko urrietako batean gutxieneko arreta jasotzeko; era batera edo bestera, batek aise ulertzen du han osasungintza gutxi batzuen eskura dagoen pribilegioa dela. Pribilegioa gurea denaren irudipenarekin itzuli gara: munduko toki gehienetan zalantzazkoa dena jakintzat ematen dugu hemen. Horretaz kontziente bagina, akaso geuk ere gehiago zainduko genuke daukagun osasun sistema publikoa.