'2022' miniseriea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko uzt. 1a, 00:00

Fikzio distopikoen kontsumoak gora egiteak lotura omen du bizi ditugun garaiokin: gauzak zenbateraino okertu litezkeen gure sofaren babesetik ikusteak halako zirrara bat eragiten digu, antza; edo akaso kontsolamendu bat da, azken batean gurea hain txarra ez dela pentsatzea ahalbidetzen digulako. 2000ko urteetan zientzia fikziozko komikiak irensten genituen, euren mania autoritarioak asetzeko mundua gobernatu nahi zuten bilau totalitaristek grazia egiten zigutelako. Black Mirror ze ona zen komentatzen genion elkarri duela hamar urte, gure jokabide geroz eta mediatizatuagoak eta geroz eta martzianoagoak muturrera eraman zituelakoan. Utopia mini-telesailarekin beldur pixka bat pasatu genuen, artean imajinatu gabe birus batek mundu osoaren bizimodua baldintzatuko zuela zazpi urte geroago. Horren ondoren Neskamearen ipuina jarri zen modan, ikus-entzunezkoek une egokian erreskatatu zutelako 1985eko liburua. Kontakizunak harrapatu gintuen, emakumeen gorputzaren gaineko kontrolean oinarritutako diktadura bat fikzioa, horixe besterik ezin zitekeelakoan. Agian horregatik eragiten digute gaurdaino faszinazioa Holokaustoari buruzko dokumentalek: gizakia gizagabetasunaren zein mugataraino heltzeko gai ote den jakin nahi dugulako.

Imajinatzen dut etorkizuneko HBO materiala biltzen ariko dela 2022 telesaila egiteko. Hor agertuko dira ostera pertsonak migrazioaren aurkako harresien oinetan hiltzen, lurrean pilatuta, agintariek sarraskia burokraziaren eta ordenaren izenean zuritzen duten bitartean eta europar gehienak Instagrameko filtro egokiena aukeratzen duten bitartean. 2022 telesailean ikusiko ditugu gobernu ustez demokratikoak emakumeei eta sendagileei jazartzen, edota abortatzeko behar ez diren arriskuak hartzera bultzatzen. Bizitzek geroz eta gutxiago eta diskurtso hutsek geroz eta gehiago balio duten garai batean bizi gara.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide