Hiru urte arteko haurrak dituzten familiek hilean 200 euroko laguntza eskatu ahal izango dute, baldin eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi badira eta diru sarrera apalak badituzte. Neurri horrekin, umeak munduratzeko erabakia erraztu eta ugalketa ratioak igo nahi ditu Jaurlaritzak, gauza jakina baita laugarren urtetik aurrera umeen zaintza gimnasiora joatea baino errazagoa bihurtzen dela.
Azken hamarkadotan joera izan da emakumeen estatus sozioekonomikoa eta ugalketa tasa kontrako proportzioan lotzeko. Hau da: hezkuntza arautuan ibilbide laburragoa egina zuten emakumeek eta diru sarrera apalenekoek, oro har, haur gehiago izaten zituzten. Lan munduratzea handiagoa zen tokietan, txikiagoa zen jaiotza tasa; eta, beraz, logikoa zirudien gurasotasuna ekonomia pertsonalaren kalte gisara ikustea (soldata arrakalak ere hori berresten zuen, bestalde). Argumentu horrek iruditeria oso bat eraiki du gure buruetan, eta aintzat hartzen da goi-mailako ibilbide unibertsitario baten eta dagokion independentziaren jabe den emakume batek buru argiz jokatuko duela eta bere osasuna eta independentzia lehenetsiko dituela, haurdunaldiak kateatzen hasi ordez.
Orain, joera aldatu egin dela frogatu dute Alemaniako bi unibertsitatetako ikerlariek: Europan bederen, diru sarrerak ez dira haurrak munduratu edo ez erabakitzeko faktore bakarra, ezta nagusiena ere, bien arteko bateragarritasuna baizik: haurren zaintzarako aukera publiko edo komunitario gehiago eta lan merkatu malguagoez gain, gurasotasun eredu anitzekiko jarrera positiboagoak eta, batez ere, bikotekideen (nagusiki aiten) inplikaziorako kultura handiagoa den tokietan, haur gehiago jaiotzen dira eta ama gehiago doaz lanera. Aldiz, lana eta familia kontraesankorrak diren tokietan, emakume gehiago daude langabezian eta haur gutxiago jaiotzen dira. Agian 200 euro horiek hobe inbertitu litezke egiturazko neurriak sustatzen, ostera ama bakoitzaren kudeaketa ekonomikoaren gain utzi ordez.