Postalak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko mai. 27a, 00:00

Bi urte pandemikoren ondoren, ozeanoaren bestaldean egotea turista-esperientzia bikoitza da: alde batetik, literalki turistak garelako; toki ezezagun batean norbera ere bihurtzen da apur bat ezezagunago. Bestetik, oporrak derrigor zirkulu hurbilean, lagun eta senideen etxeetan, edota autoz iristeko moduko toki ezagunetan egin behar izan ditugun bi urteon ostean, turismo eredu hau bera ere apur bat arrotza zaigulako orain. Bueltan gara konplexurik gabeko giriak, lurralde urrunetan bi astean bost toki bisitatzen dituztenak, hotelari etxea deitzeraino.

Baina bi urteotan turismo munduan ere hainbat gauza aldatu direla ohartu naiz. Plaza nagusietako dendetan (toki guztietan %90ean berdinak diren horietan) salgai jarraitzen dute betiko imanek eta I love dena delako tokia dioten kamiseta zuriek, baina desagertu dira selfie makilak eta azken sanferminetan modan egon ziren tximu-panpina zintzilikarioak. Orain, tokian tokiko sinbologia daramaten maskarak eraman daitezke etxera. Moda guztiak bizi garen garaiaren souvenir-ak ere badira.

Turismoaren sinbolo behinena diren postalak, ordea, jada ez daude. Desagertu dira giri denda gehienetatik dorre birakariak, tokiko hondartzen argazkiak, katakumeenak eta modelo nudistenak elkarren alboan kolekzio gisara eskaintzen zizkizutenak. Antza, gaur egun inork ez du paperezko posta zerbitzurik erabiltzen. Postala norbera baino lehenago edo geroago iritsiko ote den jakitearen sorpresarako pazientziarik ez da geratzen. Zertarako itxaron, oporrak bere horretan xehetasun osoz zuzenean erretransmititu badaitezke Instagram bidez? Zertarako aukeratu koadrotxo batean kabi daitezkeen hitz zehatzak, sarean denerako tokia baldin badago? Susmoa dut, nolanahi ere, etxean geratzen direnek nahiago dutela besteen aisialdiaren kartoizko zatitxo bat behin jaso, urruneko paradisuen kronika amaiezinak lanerako bidean irakurri behar izatea baino.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide