Parke tematikoak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko api. 29a, 00:00

Pandemiarekin ahaztuta geneuzkan: urruneko opor-paradisuak, Thailandiako hondartzak Galiziakoen denbora-distantzia antzekora zeuden irudipena ematen zutenak. Azken urteotan hurbiltasunezko turismoaren defendatzaile sutsu bihurtu gara denok (zer erremedio), baina pandemiaren amaiera dirudien Aste Santu honetan zabaldu dira berriz Ryanair eta Visa bikotearen mugak. Mundua klik eta CVC kode batera daude berriro.

Denok suma dezakegu agortzen ari dela hegaldi merkeen garaia, eta, harekin, gutako askoren gaztaroko turismo eredua, bere protagonistekin. Badakizue nortzuk diren (izan garen): 25 urterekin Londresen Gasteizen baino gehiagotan egon den hori; edota Mexikoko kostaraino joaten den hura, youth hostel erraldoiak diruditen herrixketan bera bezalako güerito mordoxka batekin elkartzeko, etxean sekula eramango ez lukeen janzkeraz mozorrotuta (alkandora hawaiarrak, gona elfikoak eta krotxetez egindako bularretakoak), bertako herritarrek erabiltzen ez dituzten terrazetan kruasan frantsesak gosaltzeko (Bordeleko prezioetan) eta bertako herritarrik gabeko hondartzetan yoga-surf egiteko. Itzuleran, gorbatak eta uniformeak ostera jantzita, Mexikon, Thailandian edo Sri Lankan egon direla eta Mexiko, Thailandia eta Sri Lanka zeinen zoragarriak diren kontatu ahal izateko.

Lehen kolpean, toki eta jende exotikoak, originalak eta bereziak dira; denari eta denei argazkiak aterako zenizkieke. Bigarrenean, parke tematiko bat iruditzen hasten zaizu. Eta hirugarrenean, apur bat eszeptikoki begiratzen hasiz gero, oporrak Trumanen show gisako batean pasatzera etorri ote zaren galdetzen diozu zeure buruari, inguruko guztiak aktoreak ote diren, darien hippismoa zenbateraino ote den ad hoc antzeztua, eta haietako zenbatek onartuko ote lituzketen hemen dituzten portaerak hegazkinak euren jatorrizko aireportuetan lur hartu orduko.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide