Parte hartzea eta irabaztea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko mar. 25a, 00:00

Kirola axola zaidana baino are gutxiago axolako litzaidake apur bat saihesgarriagoa balitz. Beste mundu batean, ez legoke arrazoirik nik edo edozein auzokidek Messi izena ezagutzeko. Baina kirola ere, zerbait bada, politikoa da; boterezko joko zelai bat gehiago. Zenbat eta gorago, orduan eta joko gutxiago eta zelai gehiago, eta, beraz, nola itxi begiak bertan gauzatzen diren gerrei?

Trans atletak fokupean jarri dituzte berriro: Lia Thomas igerilari estatubatuarra markak hausten hasi denean geldiarazi nahi izan dute, lehia desleiala egitea leporatuta. Lehiakortasunaren izenean ezkutatutako transfobiarentzat, nonbait, gorputz guztiak dira bi kategoriatan bakarrik sailkatzeko modukoak: alegia, emakume* guztiok izan beharko genuke gizon* guztiak baino gimnasta hobeak, eta gizon* guztiak emakume* guztiok baino aizkolari hobeak. Salbuespenik gabe: guztiak. Bestela, ezin zaio eutsi argudioari, ezta genero estereotipoei ere.

Errealitatea konplexutzen duten gorputz disidenteek, zorionez, arrakalak zabaltzen dituzte diskurtsoan. Kontra-argudiatzen hasi gintezke, esanez gorpuzkeran eragiten duten dozenaka faktore daudela kromosomez harago, jaio zaren ingurunetik hasi eta daramatzazun elikadura eta bizimoduraino. Esan genezake gizon zein emakume fisionomia estereotipatuak betetzen dituzten gorputzak bezainbeste edo gehiago direla tarteko ezaugarriak dituztenak; hainbeste, ezen sarritan ezinezkoa baiten muga argi bat ezartzea.

Baina eztabaida ez denez zientifikoa, politikoa baizik, erantzunak ere hala behar du. Thomasen delitua ez da izan bere kategoriakideak baino gihartsuagoa edo garaiagoa izatea: trans izanda errekorrak ezartzea izan da. Eta feminismoak erakutsi dizkigun gauzetako bat da, hain justu, botereak parte hartzen uzten dizula, baina ez irabazten: salbuespena zaren bitartean sinpatiaz begira diezazuke, baina medailarik ez dago araua irudikatzen ez duten gorputzentzat, errepresentatibo bihurtzeko arriskua badakarte.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide