Posible dena

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko mar. 4a, 00:00

Zer ariko ote da Vladimir Putinen burutik pasatzen? Gehienok egingo genion geure buruari galdera hori, soilik onartzen amaitzeko psikologo sozial, geoestratega eta iragarle eskasak garela. Dena inoiz baino dokumentatuago dugun garaiotan, galduta gaude ulertezintasunaren aurrean: analista serioak isilik daude, eta sare sozialetan gehiago ikasten ari gara korrespontsal eta freelanceen egunerokotasunaz, Ukrainako gatazkaz baino. Inork ez dauka erantzunik gure galderetarako.

Bitartean, erakunde publikoetatik desinformazio bikoitza sustatzen da: batetik, propaganda beliko nabarmena eginez, «anai-arreba ukrainarren» salbazioarekin ahoa betez; bestetik, etsaiaren diskurtsoetarako sarbidea eragotziz. Egia bada «politika posible denaren irakaspena» dela, posibilitateekin jolasean ari da Europako Batasuna, itxuraren eta iradokizunaren artean dantzan: urteak badira Mendebaldeak Ukraina armaz hornitzen duela, zergatik aldarrikatzen dute orain ekintza salbatzaile gisa? Zer irudikatu nahi dute? Harago iristeko prest daudela, gaudela? Hala gaude benetan?

Gerraren mehatxuak urteak daramatza gure artean: bestearen inpultsibotasunaren eta arrazionaltasunaren (edo izuaren) muga non ote zegoen neurtzen aritu dira potentziak etengabe. EBk ez zuen espero Errusia estatu subirano bati eraso egiten ausartuko zenik; eta Errusiak ez du uste NATO bere kide ez den estatu baten alde mobilizatuko denik. Inork ez zuen uste besteak eskaladan jarraituko zuenik, baina posible ziren gauza asko gertatu dira: orain arte kontsentsuatutako muga batzuk gainditu dira jada, eta ziurtzat ematen ziren akordio asko ziurgabe bihurtu dira. Pentsatu nahi nuke EBn oraindik geratzen direla ahots arrazionalak, heroi bokazioko oilarren lehian erortzen ez direnak eta ulertzen dutenak NATOren edozein esku hartzek egoera okertu baino ezin dezakeela egin. Baina herritarren artean zabaltzen ari diren propaganda ez badator bat euren asmo errealekin (eta hala izan bedi), lurralde arriskutsua eraikitzen ari dira euren buruarentzat: tripetan elikatu den amorru bat ez baitu gerora buruak aise desegiten.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide