Historiako liburuen oihartzuna dakarten tituluekin esnatu gara: artilleriazko gerra bat Europako zoruan. Geopolitika aldez aurretik erabakita dagoen zerbait dela ikasi duen belaunaldiarentzat, ezuste oro da handia, eta orain nazioarteko kaosean orientatzeko mapa baten bila gabiltza, zintzoak eta gaiztoak nor ote diren zehazki asmatu ezinik.
Analisi politikoek huts egin dute: Errusiako eta Ukrainako agintarien adierazpenak ez ziren, ohi bezala, tentsio politikoaren performance hutsa. Ukraina ekialdean 2014tik abian zegoen gatazka armatua ez zen gerratzat jotzen, nazioarteko eragileen parte hartzea inplizitua zelako; orain modu irekian hitz egin daiteke gerraz.
Ukraina urrun dagoela irudi dezake, baina urrunago dago gure buruetan, geografikoki baino. Bost urte ere ez dira Odesako hondartzako kantinetan Chernihivske garagardoak hartzen egon ginenetik, okupatutako arte galeria bat bisitatu eta Potemkin Korazatua-ren eszena famatuak grabatu zituzten eskaileretan argazkiak atera ostean.
Haurrak ginela, hondamendi nuklearraren aurpegia zeukan Ukrainak. Txernobylgo leherketatik hamar urtera, oraindik Euskal Herrira iristen ziren leherketaren ondorioak sufritzen ari ziren adinkideak, «defentsentzako oporraldia» egitera zetozen ume begi argiak, ia denak euren adinari zegokion baino txikiago eta ahulagoak.
«Han urrun» gertatzen ari den gerra batek guri eragingo ez digula pentsatzeko tentazioa izan dezakegu. Koronabirusak ere ez zigun eragin behar, «han urrun», Txinan, lehenbizikoz ezohiko pneumonia kasu batzuen berri izan genuenean. Mundua ez da duela mende batekoa, eta gerrak ere ez. Kasu onenean, babesleku izatea egokituko zaigu, baina badaude gerra guztiek hasieratik partekatzen dituzten ezaugarriak: izua, ziurgabetasuna, pobrezia eta ihesa. Horietako batzuk ezinbestean sumatuko ditugu.