Gabonetako merkealdia

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko abe. 24a, 00:00

Gaur sartuko dira indarrean, Hegoaldean bederen, Madrilek COVIDaren seigarren olatuari aurre egiteko hartutako neurriak. Txerto gehiago txertoa nahi dutenentzat, eta maskara gehiago mundu guztiarentzat: azken hori, irtenbide merkea eta erraza, fokua banakoen arduran ipintzen duena eta esku hartze kolektibo garestiagoak albo batera uzten dituena.

Neurrion defendatzaile kartsuenetako bat (barka oximorona) Urkullu lehendakaria izan omen da. Inguruotako zientzialari entzutetsu gehienek aspermeneraino errepikatu dute arazoa espazio itxiak direla eta ez aire zabala, baina badirudi Jaurlaritzak ez duela entzun nahi. Edo nahiago duela denok musukoei buruz hizketan jartzea eta horrekin gizartetik eta irizpide zientifikoetatik deskonektatuta dagoen gobernu martziano baten itxura eman, benetako arazoari heldu baino: aspalditik baliabidez husten aritu den Osakidetzaren ezina.

Pandemiak hainbat modutan aldatu du gure iruditeria soziala, eta eragin horietako bat izan da autogobernuaren desbalorizazioa. Krisiaren kudeaketan, estatuek hartu dute protagonismoa: denok etxean sartuta bizi ginenean, handik iristen zen informazio oro, denok geunden Madrilera eta Parisera begira. Hizkuntza gutxituak eta tokiko berezitasunak bigarren mailan geratu ziren komunikazio horietan: «Orain krisian gaude, ez gaude zuen txikikerietarako». Estatu salbatzailearen errepresentazio horren ondoan (gogoratu Espainiako armada, Donostiako geltokia garbitzen), Jaurlaritza ahalmenik eta iniziatibarik gabeko elementu dekoratibo gisara agertu da, ustez kostu txikiena ekarriko zion jarrera rajoytarra hartuz eta bere ohiko marka, kudeatzaile onarena, galduz. Merkea, ordea, luzera garesti ateratzen da maiz, eta Urkulluk ere galdetu beharko lioke bere buruari zein iruditeria sozial geratzen ari den bere gobernuaren inguruan.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide