Bi uhin

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko uzt. 23a, 00:00

Badirudi belaunaldi bakoitzak dauzkala bere miseria historikoen ikonoak, bizi duten garaiaren sinbolo bilakatzen diren irudi partekatuak. Forma alda daiteke, baina ez edukia. Txikiak ginenean, torturatuen argazkiek espazio zabala hartzen zuten herriko plazan; 30 urte geroago, sakelako pantailatik pantailara hedatu dira 13/13 auziko atxilotuen testigantza lazgarriak. Gure iruditeria sozialaren parte dira poltsa, ura eta ukituak, baina ez gurearena bakarrik: Naia Zuriarrainek Poliziaren esku sufritutako sexu erasoek Euskal Herriko gatazkatik askoz harago doan dimentsio bat daukate, eta biolentzia matxistaren izaera politiko eta unibertsala gogorarazten digute.

Bortxaketei buruz hitz egiterakoan, oraindik nahi baino sarriagotan nahasten ditugu gaiarekin zerikusirik ez daukaten kontzeptuak: «Pasioagatik hil zuen»; «Desioari ezin eutsita bota zitzaion gainera», eta, klasikoena: «Animalia instintuz jokatzen dute; badakizu nola jartzen diren, beraz, ez probokatu». Baina biolentzia sexualean, desioa ez da erasotzailearengan operatzen duen indarra, 'besteak' irudikatzen duen horren gaineko boterea baizik; botere hori irudikatzea, erabiltzea, dastatzea da erasotzaileak nahi duena. Berdin dio nor den hura sufrituko duena: nagusitasuna frogatzeko modu bat da sexu indarkeria. Horregatik bortxatzen dituzte soldaduek sistematikoki 'aurkariaren' aldeko emakumeak gerretan; ez bereziki erakargarriak zaizkielako, baizik eta eraso hori ere dominazioaren ikur bihurtzen delako. Eine Frau in Berlin (Emakume bat Berlinen) egunerokoa adibide bikaina da, okupaziopean biolentzia sexuala zenbateraino normalizatuta egon ohi den ulertzeko (eta ez soilik aurkariaren partetik; gero 'etxekoen' partetik sufritutako gaitzespena ere hor dago). Indarkeria matxistaren eta torturaren dimentsio zabalagoetan pentsatzen hasiko bagina, aurki ohartuko ginateke zenbatetan egiten duten topo bien uhinek.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide