Jakin nuenetik, seko intrigatuta nauka sareetan zabaldutako istorio batek. Antza, iruzurgile profesional bat dabil Euskal Herrian barrena, jendeari euskaraz dirua eskatzen. Leioan, Gasteizen eta Iruñean ikusi omen dute: bere burua Joseba gisara aurkezten du eta Baztangoa dela azaltzen du; lan kontuengatik dagoela dagoen tokian, baina azken uneko zailtasunen batengatik, ez daramatzala gainean ez diru zorroa eta ezta telefonoa ere, eta, joño, euskaldun jende ona zaretenez gero, lagunduko didazue, ba? Gaur nigatik eta bihar zugatik, e?
Eta profesionala dela diot, iruzurraren modus operandi-a beti bera delako, eta itxuraz oso ondo funtzionatu diolako Josebari. Eta ez behin edo bitan: sareetan kontuaren berri zabaltzen hasi zenean, hango zein hemengo hainbat herritar eskuzabal eta eskandalizatu hasi ziren protestaka, eurek ere ordaindu ziotelako noizbait, tokiren batean, Josebari etxerako bidaia, iruzurra zela susmatu ere egin gabe.
Antza, marketinaren oinarrizko zutabeetako bat identifikatu du Josebak bere jardunean: konfiantzarena. Produktua eskaintzen digunaren irudiak fidagarritasuna transmititzen badigu, identifikazio bat baldin badago, askoz litekeenagoa da produktua erosten amaitzea. Itxura arrotzeko saltzaile batek, aldiz, produktu onenarekin ere, jai dauka. Eta euskaldunok, nonbait, saltzaile fidagarrienen zerrendan dauzkagu beste euskaldunak; euskaldun zintzo-jator-hitzekoaren irudiak (eta haren ifrentzuak, kanpotar ez fidagarriaren estereotipoak) gure buruetan oraindik uste baino pisu handiagoa duen seinale. Guk, gure aldetik, gertatzen zaizkigun iruzurrak ongi merezita dauzkagula pentsatzen dut. Ulertzen ez dudana da, Josebak identifikatu duen merkatuko nitxo hori ezagututa, nolatan ez diren oraindik telefonia enpresa guztiak hasi euren kontratuak euskara jatorrean saltzen.