Sexu indarkeriari buruzko sententzien irakurketa izan zen 2016ko sanferminetako bortxaketak erakutsi zizkigun gauza askotako bat. Haren ondotik ikasi genuen epai judizialek propio dutela itxura hermetiko eta astuna, baina ez direla kritika sozialetik kanpo geratu behar den zerbait; eta Hego Euskal Herrian indarrean den zigor kodeak bi kategoria eta beste hainbat azpikategoriatan sailkatzen dituela sexu erasoak. Hau da, erasoaren nolakotasunaren arabera, gauza bera izan daitekeela bortxaketa, abusua edota sexu askatasunaren aurkako erasoa.
Aste honetan bertan, bereizkeria horien zentzugabetasuna gogorarazteko ale bikain bat iritsi da Espainiako Auzitegi Gorenetik. Emakumeen askatasun oinarrizkoenei buruz ariko ez bagina, Marxtarren gidoi baterako eman lezake sententzia horrek; bertan, epaileek luze eta zabal deliberatzen dute «hatzak noraino sartuz gero hitz egiten hasi ote litekeen penetrazioaz»; zehazki, aluko ezpainak «bagina barnetzat» jo ote daitezkeen edo ez. Giza anatomiaren disekzio ezin zehatzago baten ondoren, epaileek ebatzi dute emakumezko sexu organoen «horizontaltasuna» dela irizpidea: baginaren sarreran muga imajinario bat marraztuz gero, hura gainditzen duen guztia jo daitekeela penetraziotzat. Eta, beraz, sorpresa: bortxaketa bat izan zela eskutan duten auzia.
Zalantza sortzen zaio bati, epaileei euren buruketa aldrebestuaren emaitzagatik txalo egin edota autodefentsa feministako ikastaro bat gomendatu beharko ote liekeen. Euren buruari justiziaren bermatzaile rola aitortzen dietenak ere ez badira gai ulertzeko eraso baten ezaugarri nagusia ez dela inplikatutako gorputz zatia, baizik eta urratzen den askatasuna, jai daukagu. Atzean duten botere harremanaren arabera definitzen dira erasoak: horizontaltasuna ez, bertikalitatea da haiek ulertzeko bilatu behar duguna.