Gerorako errua

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko mai. 21a, 00:00

Betleemgo kontserbatoriora bidean ginen, palestinar kulturgile batzuekin elkartzera, bide bazterrean iskanbila sumatu genuenean. Adin ertaineko gizon batek inpotentziaz begiratzen zion ordu erdi lehenagora arte bere etxea izandako txatar mordo bati. Seme zaharrena objektu pertsonalen bila zebilen hondakin artean. «Etxea suntsitu digute, baimenik gabe eraiki genuelako», azaltzen zion Nazio Batuetako txalekodun begirale bati, hark errutinazko txostena betetzen zuen bitartean: «Baina Israelek ez du baimenik ematen eraikitzeko; nola bizi behar dugu, gure kabuz eginda ez bada?».

2014ko otsaila zen. Hilabete gutxi falta ziren Gazaren aurkako hurrengo operazio handia hasteko. «Ekialde Hurbileko gatazka» deitu ohi genion orduan erredakzioetan, Israel edo Palestina hitzak aipatu nahi ez genituenean. Kazetaritzako lengoaia aldatzen joan da ordutik; orain, ohikoagoa da «Israel eta palestinarrak» irakurtzea. Hizkuntzak berak ere adierazten du nor den nor geopolitikan: nor estatu handi bat, nor jende arrunt mordo bat.

Urteak daramatzagu herri baten fasekako genozidioari beha, batzuetan artileriaz eta besteetan hondeamakinaz galarazten duena palestinarren bizitza. Eta hala ere, erreparoak sentitzen ditugu argi posizionatzeko. Israelgo estatua sortu zeneko asmo sozialdemokrata eta laboristen oroitzapen erromantiko baten arrastoek pisatzen dute oraindik Europan; kibbutzetan pentsatzeko ahaleginak egin nahi ditugu, gaur egun Israelgo ekonomiaren eragile nagusia armada dela ez ikusteko.

Erru historikoak ere pisatzen du, noski. Areago, damua beti da koherenteagoa atzera begira. Ez da zalantzarik Bigarren Mundu Gerrako kalteak berandu aitortu zirela, bizitza askorentzat beranduegi zenean. Nazioartea oraindik garaiz dabil palestinarrei egindako kaltea partez emendatzeko, baina martxa honetan itxura du nahiago duela haiekiko ardura ere a posteriori-ko damu bihurtu.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide