Urtebete izango da laster gure existentzia laburreko egoera surrealistenetako bat —ia hiru hilabeteko konfinamendu absolutu bat— bizi izan genuenetik. «Pasatuko da», esaten genuen orduan, orain bizi dugun normalitate berri hau irits zedin desiatzen. Ordutegi zabalarekin txangoak egiteak eta nahi genuen tokian erosteak luxua zirudien orduan, supermerkatura ere ia hanka puntetan, drogak erostera bagindoaz bezala joaten ginenean. Hau ere pasatuko da, eta agian sortuko da epika intimo bat pandemia garaiaren inguruan: non zeunden Dorre Bikiak erori zirenean? Zer egin zenuen COVIDaren urtean?
Batzuek irriz kontatuko dute azkenean 2025ean agortu zitzaizkiela pandemian arpilatutako dilista paketeak; besteek oroituko dute balkoitik balkoira nola aritzen ziren bertsotan bizilagunekin; edota nola adosten zituzten Tinderreko hitzorduak dendetako ilaretan, jendearekin elkar zintezkeen gune bakarrak zirelako. Osasungintzako langileei iluntzero erlijiosoki txalo egiten geniela kontatuko dugu, eta beharrezkoak izango dira kontakizun horiek guztiak, narratibek beti ematen diotelako zentzu bat iraganari: «Hori guztia egin genuen, eta hemen gaude orain».
Baina gustatuko litzaidake etxean inoiz baino bakartuago geratu zirenei ere galdetuko bagenie; kanpokoari izua hartuta, barneko mamuei aurre egiteko baliabiderik gabe geratu zirenei. Adinekoak eta haurrak zaintzeko instituzioek ateak itxi zizkietenei eta lanak gainezka egin zienei. Tratu txarrak tabernei esker saihestu ohi ziren etxeetan, euren erasotzailearekin harrapatuta geratu zirenei. Erditzerako prestakuntzarik gabe, beldurrak euren kabuz kudeatu behar izan zituzten haurdunei. Supermerkatuetako kutxetako saltzaileei eta ospitaleak inoiz baino gehiago garbitu behar izan dituzten langileei, horien guztien aurpegia ere izango baitu pandemiaren memoriak.