Lugoko portu baten ondoko ostatuko logelan geunden L. eta biok, Aste Santu euritsu batek eskain dezakeen onenaren ondorioak sufritzen: kafezko likore kopen errenkada luze baten ajea. Ohean zeharka etzanda, jaikitzeko ere indarrik gabe. Mundua apur bat baretzen hasi zenean, geratzen zitzaigun duintasun apurra baliatu behar genuela komentatzen hasi ginen: ez genuela oporraldia alferrik xahutuko. Hilurrenaren esfortzua eginez, tableta hartu eta Google Maps ipini genuen, inguruan zein herri edo toki ikus ote genezakeen arakatzeko. Grazia egin zigun markagailu txiki batek: «Munduko bankurik ederrena» zioen. Zein friki motak ipini ote zuen hura Google Mapsen. Graziaren graziaz eta alternatiba hobeak irudikatzeko indar faltaz, banku hura bilatzea erabaki genuen, pipa pakete batekin aje eguna amaitzeko asmoz. Euritan, bat gidatzen eta bestea burua leihotik aterata, mapak markatzen zuen mendi kaskorantz abiatu ginen. Goraino iritsi aurretik, ordea, txaleko horidun tipo batek gerarazi gintuen. «Bankura al zoazte?», galdetu zigun naturaltasun osoz. 'Bankua', singularrean. Erdi intimidatuta, baietz erantzun genion. «Bada, ezin zarete autoz joan», eta lokaztutako zelai bat seinalatu zigun, zintekin ehun bat autorentzako aparkaleku gisara prestatuta zegoena. «Gero, hemendik, aukera duzue oinez joateko, edo joan-etorrian dabilen autobusa hartzeko».
Autobusaren aipamen hutsarekin, L.-ri ozta-ozta eman zion denbora autoko atea zabaldu eta botaka egiteko. Ni isilik geratu nintzen, hasierako grazia aspaldi desagertuta: prest ote geunden hori guztia egiteko, gero ilara batean itxaron eta banku batean esertzeko? Jendea benetan ote zegoen horretarako prest? Autotik atera gabe, bueltako bidea hartu genuen, lotsatuta, Googlek zenbat opor antolatzen ote dizkigun eta denok toki beretan zergatik bukatzen ote dugun pentsatuz.