Gutxitan sentitu naiz hain target publizitario, haurdunaldian bezainbeste. Barruan fetu bat hazten ari zaizula jakiten duzun unetik bertatik zabaltzen zaizu ziurgabetasunen abanikoa eta hura baretzeko pentsatutako merkatu infinitu bat. Ez dakizula umea zaintzeko gai izango ote zaren? Haurrentzako gauzen dendetan detaile osoz jakinaraziko dizute zenbat gauza egin ditzakezun gaizki, bururatu ere egin ez zitzaizkizun zenbat egoeratan jar dezakezun umea arriskuan, baina lasai: beti dago soluzioren bat, eta eurek umearen garapen-maila guztietarako irtenbideak dauzkate. Segurtasun faltan bazoaz, katalogo osoa daukazu eskura kontzientzia lasaitzeko: 400 eurotik gorako sehaskatxoak, 1.000 euroko orgak eta 100eko kamerak. Garestiak direla? «Hori pertsonala da: segun eta zenbat balio dizun zure umearen segurtasunak».
Arazoa da, baina, ez duela soilik horrela jokatzen orgatxoen, sehasken eta baineren merkatuak. Osasungintzan ere gertatzen da, besteak beste, haurdunaldiko probekin. Lehen hiruhilekoa zeure kasara igaro ostean hasten dira testak —krudela baita, baina tarte horretan gertatzen dira abortu gehienak; langa igaro dutenek jasotzen dute arreta—. Hainbat faktore aintzat hartuta, haurrak alterazio kromosomikoak izateko daukan arriskua iragartzen dizu medikuak, baina beti dago ziurtasun ezari atea zabaltzen dion abisua: «Proba estatistikoa da, eta %85eko fidagarritasuna du». Ziurrera jo nahi baduzu, pribatuan egin dezakezu test fidagarriago bat. Eta beti azalpen bera: «Erabaki pertsonala da, segun eta zenbat balio dizun segurtasunak».
Segurtasunaren tranpa beti: dirua gastatzea horren menpe balego bezala, merkatuaren target izateari uko egiten dietenak euren umeez aski kezkatuko ez balira bezala. Baina zeinen errentagarria den ziurgabetasuna, norbere gorputzean gertatzen ari diren aldaketak ezagutzen ez dituen batengan zukutu dezakezunean.