Gobernuburuek erein dute hazia: «birusaren aurkako gerran» gaude. Militarrak, kaleetan desfilatzen; udaltzainak, soldadu izatera jolasten; eta balkoitar batzuk, polizia bihurtuta. COVID-19a armekin akabatzeko modurik balego, asko pozik irtengo lirateke antortxa eta sardeekin patruilatzera.
Jakina: gerraren metafora ez da ausazkoa. Gobernuek arrazoi asko dauzkate iruditeria hori aktibatzeko. Gerran, herritarrei sakrifizio handiak eska diezazkiete onbide kolektiboaren izenean, eta barneko kritikak desaktibatzen dira. Gerraren metaforak ez du soilik balio izan armada handiegiak eta garestiegiak zuritzeko —buru utilitaristenetan ere antimilitarismoa, edo, gutxienez, armadekiko mesprezua hedatzen ari zen garai batean—, baizik eta baita politika are nazionalistagoak sustatzeko ere. Agerian geratu da EBren eta autonomia interdependenteen fikzioa: estatuek mugitu dituzte fitxak, old style. Mugak ixtea eta jendearen joan-etorriak kontrolatzea izan dira orain arteko ondoriorik bistakoenak, baina badira aldaketa sotilago batzuk ere, apurka gure iruditeria kolektiboan ernatzen doazenak. Lengoaia eta pentsamolde militarrean, Gu-Haiek kategoriak aratzago bihurtzen dira, eta bigarrenak beti eskatzen du aurpegi bat. Historiako epidemia gehienek erakutsi duten moduan, ez gara gu gaitzaren aurka: gaitza daramatenen aurka gara soldadu. Izurri Beltza juduei egotzi zitzaien modu berean, ebolak larru iluna izan du beti; eta migratzaileekiko aurreiritzien osagaietako bat da pertsona eriaren figura.
COVID-19aren aurpegiak, orain arte, asiarrak eta ijitoak izan dira; ikusteko dago nor izango den gerora. Argi dagoena da gerra diskurtsibo orok daukala etsai kategoriarekin kargatu beharko duen talde bat, seinalamendua, bazterketa eta, hainbat kasutan, kalte fisikoa sufrituko duena, askoz lehenago ereindako iruditeria baten izenean. Ohar gaitezen non ari garen hazi horiek ereiten orain.