Geldialdi fisikoaren ostean etorriko den atzeraldi ekonomikoari buruzko iragarpenekin tertuliak betetzen dituzten analistek kezka agertu dute, bereziki, gure belaunaldiaz. Antza, millennial-ok beste errekor ohoretsu bat haustera goaz: 30 urte bete aurretik hirugarren krisia bizitzear gaude.
Nik zintzoki eskertzen diet kezka analistei, baina onartu beharra daukat ez dudala erabat ulertzen nola bereizten ote duten gure krisialdi biografiko bakoitza bestearengandik. Gogoratzen saiatzen naiz, baina ez dut inflexio-puntu zehatzik topatzen.
Oroitzapen bat: 2009an unibertsitatera iritsi ginenean, irakasleak lehenbiziko klasean galdetu zigun zer egin nahi ote genuen bertatik ateratakoan. Gehienak mutu geratu ginen; matrikulatu ginen unetik onartu samar geneukan ez genuela lanik edukiko hura bukatzean. Urte berean Alemaniako unibertsitate bat zapaldu nuen arte, ez nintzen ohartu jarrera hura ez zela normala. Berlinen aise aldatzen zituzten ikaskideek lanak, beste bat topatuko zuten segurtasunarekin. Unibertsitateko tituluak eskalan gora egiteko bermea zirudien; Bilbon, aldiz, ordurako aditu genituen hiru masterdun langabetuei buruzko izu istorioak.
Ikasketak amaitzerako, gustuko lana topatzeko zortea izan genuenok naturaltasunez onartu genituen behin-behineko kontratu errenkadak eta izoztutako soldatak; total, askoz gehiago ere ez genuen behar bizitzeko. Orain 30 urte betetzear gaude, eta askoren nominek antzeko zifretan jarraitzen dute. Ez zaigu bitxia egiten etxea partekatzea, eta hipotekak, zuzenean, ez ditugu nahi. Oporrak, beti, low-cost. Tira: lau izarreko hotelak zaharren kontua dira bestela ere, gurea motxila izan da betidanik.
Ekonomistek guk baino hobeto jakingo dute, baina, egiari zor: nik ez dakit noiz amaitu den krisi hauetako bakoitza eta noiz hasi den hurrengoa. Agian, eurentzako krisi jokabidea den hori, ziurgabetasuna barneratuta bizitzea alegia, guretzat bizitzeko modu arruntena baizik ez da izan.