Pobreak Silicon Valleyn

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko ots. 21a, 00:00

Agidanean, Kaliforniako kostan etxebizitza sozialak egiteko asmoa agertu dute Googleren eta Facebooken moduko teknologia eta datu enpresa erraldoiek, euren lantoki flamanteetatik hurbil. Badakizue, telebistan ikusiko zenuten noiz edo noiz: mundu guztiak nahi duenean lan egiten duen enpresa cool horiek, ideia-jarioa motelago doan uneetarako spa-k eta gimnasioak eskaintzen dituztenak; urtean, batez beste, 200.000 dolar baino gehiago kobratzen dituzten ingeniariz eta programatzailez betetako paradisu enpresarialak.

Kontua ez da enpresa horiei bat-batean borondate filantropikoa jaio zaiela: arazoa da Silicon Valleyk, estatu independentea balitz munduko BPGrik handienetako bat lukeen guneak, pobreak ere behar dituela. Izan ere, Amazonen eta HPren jaiotetxeak ez dauzka soilik lantokian yoga klaseez, doako elikagaiez eta bideo-jokoez gozatzen duten 200.000 jeniotxo: zerbitzu horiek bermatzen dituzten garbitzaile, sukaldari, zerbitzari eta garraiolariak ere badauzka. Gehienak campus teknologikotik oso urrun bizi dira, han inguruko etxebizitzak ezin ordaindurik, eta enpresek kalkulua egin dute: beharginek egunero hiru ordu baino gehiago behar badituzte lantokira heltzeko, ez da errentagarria; enpresa-paradisuaren ideala hausten du. Beraz, mila milioi euro eskaini asmo dituzte diru sarrera apalak dituzten langileentzako etxeak eraikitzeko. Garai bateko meatzarientzako etxeen antzera, nonbait.

Horrela entzunda, pelikula estatubatuar bateko kontu bat irudi lezake albisteak: enpresak, komeni zaienaren arabera jendeari euren jabetzako etxeetan bizitzen uzten. Eta, hala ere, nolabait ezaguna egiten hasi zaigu, Iruñean eta Donostian funts putreek babes sozialekoak ziren etxebizitza batzuk erosi dituztela entzun dugunean. Enpresarik cool-enak ere nekez jokatuko baitu berea ez den interes baten arabera.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide