Arazo bat daukazunean, bi aukera zabaltzen dira: hari heltzea edo izkin egiten saiatzea, bere kabuz konponduko delakoan. Psikologian, saiheste bidezko konfrontazioa deitzen diote; edo, arrunki, hautsa alfonbra azpian gordetzea.
Demagun arazo bat daukazula zure lurraldeko zaborrarekin. Gehiegi sortzen da eta ez dago hura txukun jasotzeko tokirik. Hainbat aukera dauzkazu: adibidez, pentsa dezakezu zer ordezka ote litekeen bertsio ekologikoago batekin. Berrerabileran pentsa zenezake, edo, baliabideak badituzu, konposta egin. Edo, bestela, erosoen zaizun tokiren batera eraman dezakezu, beste norbaitek jasoko eta kudeatuko duen esperantzaz. Saiheste mekanismoa.
Jakina: beti topatuko dituzu zabor horrekin negozioa egiteko prest dauden enpresa zalantzagarri baina salbatzaileak. Han jardungo dute, herri txikiren batetik soilik ikusten den gune batean. Zu arazoaren kudeaketa bikainaz harrotuko zara, eta Ingurumen Planta-ren moduko izen ponposo bat ipiniko diozu, inaugurazio ekitaldi eta guzti. Segurua? Horixe segurua dela. Begira zeinen seguru nagoen ni, arazoa gainetik kenduta.
Eta horrela doa alfonbrapeko hautsa pilatzen, harik eta mendiak, hitzez hitz, gainezka egiten dizun arte. Zabor-jausia, gure gizartearen metafora gisara: azkenean, bi langile dira besteek pilatutako zaborraren azpian harrapatuta geratzen direnak.
Orduan ohartzen zara arazoa ez zenuela benetan gainditu, alboratu baizik. Eta berriz zabaltzen zaizkizu bi aukera. Ardura hartu eta atzera egin dezakezu, edo arreta beste norabait eramaten saia zaitezke, adibidez, mundu guztia izutu eta hunkitu duen ezbehar bat hauteskundeen logikan kokatuz: «Nire aurka egiteko erabili duzue» (Spoiler: halako adierazpen batek gehiago esaten du zuk pentsatzen duzunaz, besteez baino). Ordurako, hiru arazo izango dituzu atzetik: zaborrena, istripuarena eta arduragabekeriarena. Baina lasai egon; beti dago ihesbideren bat.