Ez dira heroiak, sinboloak dira

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko urt. 24a, 09:48

Normaltasun baterantz zoazela uste duzunean iristen dira, bat-batean: abisuak, gertatu zitzaizuna eta gerta dakizukeena gogorarazten dizutenak. Marka berri bat orbain zahar batean, aspaldiko sentsazio bat, ahaztu arren berehala ezagutzen diren usainen moduan. Iraganeko postalak balira bezala, gure oroitzapenen album pribatuan zein kolektiboan.

Postal ilun horietako batzuk igortzen ditu, oraindik, gatazka armatuak iraganetik: nori zer gerta dakiokeen oroitarazteko abisuak dira. Atxiloketa esporadikoak, ustez errelebantziarik ez duten seinalamenduak, baina komunitate oso bati berriz bizkarra tentsionatzen diotenak. Igarotakoa atzean utzi nahi dutenei, abisua: ez pentsa iraganak horren erraz askatuko zaituenik. Beti geratzen da hari muturren bat, abisuak berpizteko balio duena: adierazpen publiko bat, gaitzespen keinuak plaza politikoan, unean-unean arreta pitz dezakeen gai bati buruzko polemika.

Orain, presoen harrera ekitaldietan dago fokua. Hor kokatu dute zoru demokratiko berria: baztertua izan nahi ez baduzu, hori da orain gaitzetsi behar duzuna. Irudi eta miseria horiek, izatekotan, nork bere etxerako gorde ditzala, ez baitira, nonbait, denon kontua.

Gatazkaren garairik gordinenak —zorionez— euren hondarretan baizik ezagutu ez dituen belaunaldi bateko kide gisara, ez nago ados: gatazkak sortutako egoera lazgarri guztiak dira guztion kontua, denon memoria eta miseria kolektiboaren parte diren neurrian. Ez dira heroiak, sinboloak dira: preso bakoitzak irudikatzen du herri honetan gertatutakoaren zati bat, eta, ondorioz, historia horren zati bat ulertzen laguntzen digu. Bakoitzari berea iradokiko dio, eta, seguruenik, kasu guztietan izango du gehiago minetik, pozetik baino. Baina kolektiboa den gatazka hori gainean eraman duen gorputz bat da. Eta, kontrara: presoaren irteerak gatazkaren aldaketa bat ere irudikatzen du, askok atzean utzi nahi zuten fase baten amaiera. Halakorik ikusi nahi ez duenak, ziurrenik, hori guztia ere ukatu nahiko du.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide