Abenduko azken egunak eta abuztukoak antzekoak dira ospitaleetako itxarongeletan. Gaixoaren zaintzaileak ez du lan ordurik, eta, ondorioz, jai egunik ere ez. Zaintza ez da helburu edo emaitza neurgarriak dituen jarduna; astearen amaieran inork ez dizu asteburu onik opa, eta hilaren amaieran ezin dira irabazien hondarrak lantaldean banatu eta horiekin bederen kaña bat hartzera joan.
Zaintzak ez du urteko plangintzarik: egunerokoari eta unekoari aurre egiten dio derrigor. Zaintzaileak batzuetan ez daki zein den bere lanaren helburua ere. Kasurik onenean, leundu litekeen jarduera batean ariko da —ez baitago zaintzarik behar ez duen inor—. Kasurik txarrenean, bertsiorik frustragarriena du jardun: aterabide onik ez daukan zaintza bat, onera egingo ez duen pertsona baten dekadentzia laguntzeko azken ahalegina, era batera edo bestera porrotarekin amaituko dena. Zaintzak ez baitu inbertsioez ulertzen.
Data hauetan maiz oroitzen naiz nerabezaroko Urtezahar gau batez. Urte erdia baino gehiago zen aitona, koloneko minbiziak jota, gure etxera etorria zela bere bizitzako azken hilabeteak pasatzera. Amak hartu zuen hura ekartzeko erabakia, ezin zuelako zaintza distantzia luzean gobernatu. Laburrean ere ez, ordea: aitonaren azken hilabeteotako bakoitzarekin, bi figurak zihoazen aldi berean zahartzen, ahultzen, maskaltzen.
Osorik irakurri.