Eguberriak argazki zaharren garaia dira niretzat. Haurtzarotik iraun duen obsesioetako bat da amonaren etxera iritsi eta —gozokien tiraderara jo ostean— argazki album zaharren artean murgiltzea. Larruzko tapa eta orrialde gogorreko bildumotan daude egoera honi zentzua ematen dioten arrasto partekatu apurrak. Hor dago, esaterako, Emma, birramona, familiako buru kuestionaezina, eta bere eskuak, lorategiko marrubiak kamerari harro erakutsiz. Gerra bizi izandako eskuak ere badira, hiru ume txiki gainean hartuta bonbetatik ihesi ibili zirenak. Gerraostean umiliazioak jasan zituztenak, eta, hala ere, beste hiru belaunaldirentzako adina maitasun gordetzen jakin zutenak.
Hor daude, gutun azal aseptiko batean, ia albumeko toki ofizialik merezi ez balute bezala, bere gizonaren eta nebaren irudiak ere, uniformez jantzita, lehena gerran zauritu eta bigarrena desagertu baino lehenxeago. Familiako drama pribatuaren lekuko isila da bildumatxo hori, sekula ez harro erakustekoa, baina malko intimo bat baino gehiago xurgatu duena.
Beranduago, elurretako irudiak, zuri-beltzean lehenik, eta argi gorrixkarekin gero. Oporrak, graduazioak, ezkontzak; itxuraz gatazkarik gabeko existentziak. Dibortzioen arrastorik ez da ageri, une batetik aurrerako absentzietan ez bada.
Koloretan, gu jaio aurreko bazkari garrantzitsuren baterako propio kontratatutako taldeko erretratua: familia osoa apain jantzita, hierarkikoki antolatuta eta begirada solemnez etorkizunari begira, 30 urte geroago norbait argazki horri beha egongo den jakitun. Noizbait ideia ona ziruditen permanenteak ilean, orain hipsterrak liratekeen motibodun jertseak, izeba gazteenaren anorexia estaltzeko moduko beroki lodia.
Orain, inguruan dauzkat haietako asko —batzuk ez dira iritsi honaino—: erretiluak sukaldetik jangelara eramaten, haurrentzako mandarinak zuritzen, elkarren sendagaiak alderatzen. Argazkietako pertsonaia berberak dira, baina, funtsean, euretaz ezer gutxi dakidala ohartzen naiz, albumek eta urtero errepikatzen diren anekdotek osatutako memoria kolektibo partzial horretaz harago.