Sekula halakorik

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko abe. 20a, 00:00

Inori errua kentzeko asmorik gabe, ez didazue ukatuko grazia egiten duela De Miguel auzia-ren harira eskandalizatutako gizartearen erreakzioak: dozena erdi bat seme-alaba munduratu ostean, alu baten aipamenarekin eskuak burura eramaten dituen adineko jendea gogorarazten du. Nola daiteke. Sekula halakorik. Nik ez dakit zer den hori.

Osakidetzako oposaketen auzian ere, handia izan zen eskandalua pantailen bestaldean. Telebista publikoak Frantzia pasealekutik Federico Garcia Lorca kaleraino kontsultatutako aditu gehienak ados zeuden: «Nola liteke ustez publikoa eta garbia den lehiaketa batean preferentziak eta lehentasunak egotea, aldez aurretik gauza jakina izateraino nork aterako duen plaza eta nork ez?». Nola liteke. Aski zatekeen edozein ospitale publikotako langileren batekin konfiantza apur bat lortzea —aukeran, anestesistak dira horretarako adiskide onenak—, hark sorbaldak jasoz argi zezan: «A, bai, baina hori horrela egiten zen beti. Plazak banatzeko modua zen». Arkitekto batek, obrak esleitzerakoan, maiz jokoan sartzen diren gutunazalei buruz galdetuta, erantzungo lizukeen keinu berbera litzateke.

Boterea dutenek euren gustuko jendeari egiten diote mesede. Ene bada. Nola liteke. Sekula halakorik.

Bizi garen sistemari zintzotasun apur batekin begiratuko bagenio, onartuko genuke ustelkeria ez direla soilik kontu ofizialetatik at deklaratu gabe geratzen diren sosak. Ustelkeria da, besteak beste, gure herriko proiektu garrantzitsuenak eraikitzen dituen enpresako kudeatzailea tokiko agintariaren lagun mina izatea; edo, are, ezkontidea, lehengusua, iloba. Gero beti geratuko da eskuak burura eramateko denbora: enpresa hori beti berbera izatearen arrazoia ez al zen, bada, meritokrazia, eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka puntu justua, edo, behinik behin, merkatu librearen araua —nork zer eskainiko prezio lehiakorragoan—? Ezetz dirudi. Preferentziazko kontu bat zen. Ene bada. Sekula halakorik.

Araua ezagutzeko, salbuespena aztertu behar dela idatzi zuen Giorgio Agambenek, eta ziurrenik salbuespena izango da De Miguel auzia: hain normalizatuta egonik, ia ikusezina zaigun sistema klientelista batetik nabarmendu den irristada bat.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide