Esperimentuek frogatu dutenez, posible da igel bat ur berotan hiltzea. Ez ura borborka ipini eta igela barruan sartuta: kasu horretan, animaliatxoa jauzi batez aterako litzateke ontzitik. Ostera, igela lehenbizi ur epeletan sartu eta tenperatura apurka igoz gero, bertan goxo geratuko da lehenik, eta haren gorputza egokitzen joango da, kiskaltzen ari dela ohartu gabe. Graduazioaren erritmoarekin asmatzea da kontua.
Gizarteez ere antzeko zerbait pentsa liteke: egunerokoan bizi ditugun presio eta indarkerietara egokitzen goazela, ohitu ere egin gaitezkeela biolentziara, neurri jakin batera arte. Gobernuek ere antzera jokatzen dute, eskubide sozialei handik eta hemendik zatitxo bat moztu eta erreakzioari beha geratzen direnean; eurentzat ere, graduazioan koska handiegirik ez aurreratzea da erreakzioak saihesteko gakoa.
Baina inoiz ezin liteke jakin zein den gehiegizko igoera, gorputzari erretzen ari dela ohartarazten dion abisua.
Txilen, metroko txartela zentimo batzuk garestitzea izan da jasanezintasunaren neurria. 30 pesok, gure hiru zentimo bezain gauza ñimiño batek, leherrarazi ditu diktaduraz geroztiko protesta handienak. «Ez dira 30 peso, 30 urte dira» aldarrikatu dute manifestariek, Pinocheten ostean saldu zieten trantsizio demokratikoak halako izenik eta adjektiborik merezi ez zuela egiaztatu duten herritarrek; finean, diktadurak ekarritako dotrina neoliberalak jarraitu duelako herrialdean agintzen. Garai oparoagoetan bere burua aberatsengandik hurbil ikusten zuen klase ertain hauskorrak onartu zuen hasieran «demokrazia horrelakoa» zela; kapitalismoak, halere, bazeuzkala aski promesa hutsune horiei ez begiratzeko. Ostera, 30 urtez handik eta hemendik moztu dizkiete bizitza zatiak, gradualki, eta orain ertaina izateari utzi dion klase horrek ere —lehendik ezinean bizi ziren askoren antzera— zailtasunak dauzka sendagaiak, ikasketak eta zahartzaroa finantzatzeko. Igelak ziren neoliberalismoaren laborategian.