Gure memoria klimatikoa

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko ira. 27a, 00:00

Suediako mendi altuena jada ez da Suediako mendi altuena. Kebnekaisek (2.097 m., duela gutxira arte) gailur bana du hegoaldean eta iparraldean; 1888an biak neurtzen hasi zirenetik, lehena izan da garaiena, puntako glaziarrari esker. Izotzezko txapela, ordea, urtuz joan da urtez urte, eta aurten, lehenbiziko aldiz, altuera handiagoa antzeman diote glaziarrik gabeko iparraldeko bikiari.

Berotze globalaren sinbolo izan liteke Kebnekaise. Belaunaldi bakoitzak dauzka bere ikur historikoak, memoria partekatuan mugarri bihurtzen diren gertakari eta irudiak. Gerrek, estatu kolpeek eta manifestazioek gure memoria historiko politikoa osatzen duten moduan, badaukagu, esaterako, memoria historiko energetiko bat ere. 68ko Maiatza, La Moneda eta Bloody Sunday belaunaldi baten mundu ikuskeran arrastoa utzi duten oroitzapen partekatuak diren bezalaxe, Txernobylek ere baldintzatu zituen nuklearrekiko zenbait kontzientzia. Logika berean, pentsa liteke existitzen dela memoria historiko klimatiko bat ere, kontzientzia kolektiboan inprimatuta geratu zaizkigun natur hondamendiek osatzen dutena.

Egunotan protesta egitera ateratzen ari diren gazteei eszeptizismoz begiratu diete belaunaldi helduagoetako batzuek, haien aldarrikapenak aski politikoak, edo sofatik altxarazi dituzten arrazoiak aski larriak ez balira bezala. Kritikoei ahazten zaiena da belaunaldi horrek akaso ez dauzkala bere memoria partekatuan erregistratuta Burgos, Itoitz edo Martxoaren 3a, baina bai Haiti, Katrina, Fukushima, Indonesiako tsunamia eta Amazoniako suteak. Artikoa etxeko pantailan urtzen ikusi dute, eta tokian tokiko eraginak ere nabaritu dituzte; esate baterako, Tafallako uholdeak edo azken uda hauetako bero boladak. 18 edo 20 urteko euren bizialdi laburrean, hondamendi klimatikoen zerrenda luzea pilatu dute, eta horrek ere elkartzen ditu belaunaldi gisara.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide